Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehenengo salak tramiterako onartu zuen atzo EAE-ANVren babes helegitea, baina tramitazio moldea berriro egokituta: epeei dagokionez, Hauteskunde Legearen 49. artikuluak zehaztutakoak betetzea erabaki zuen eta, honenbestez, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen erabaki beharko luke. Dena den, EAE-ANVk babes helegitea herenegun aurkeztu zuenez eta Hauteskunde Legeak helegitea jaso ostetik hiru eguneko epea ematen duenez, gerta liteke bihar gauerdira arteko epea hartzea Auzitegi Konstituzionalak, Auzitegi Gorenak EAE-ANVren 133 hautagaitza baliogabetzeaz hartutako erabakiaz azken erabakia hartzeko. Abertzale Sozialisten helegiteei buruz, derrigor, gaur gauerdirako erabaki behar du.
Gaur, berriz, Espainiako Fiskaltzak EAE-ANVren babes helegitea atzera botatzeko eskatu dio Konstituzionalari, "Auzitegi Gorenak ez dituelako alderdi haren eskubideak urratu", EAE-ANVk berak esan duenaren kontra. Fiskaltzak bere helegiteak aurkeztu ditu Konstituzionalean. Estatuaren abokatuak ere sartu du helegitea, eta berak ere EAE-ANVren babes helegitea atzera botatzeko eskatu du, Gorenaren erabakia "proportzionatua eta arrazoizkoa" izan zelako. Fiskaltza eta Estatuaren abokatua izan ziren EAE-ANVren zerrenden -eta Abertzale Sozialista hautesle elkarteen eta zazpi hautagaitza independenteen- kontrako inpugnazioak aurkeztu zituztenak Gorenean.
Eusko Abertzale Ekintza-ANVren babes helegitea aztertzen hasi orduko Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko sei magistratuen artean desadostasunak agertu ziren atzo: joera kontserbadoreko bi magistratuk -Roberto Garcia Calvok eta Jorge Rodriguez Zapatak- EAE-ANVren helegitea tramitatzeko moduarekin bat ez datozela jakinarazi zuten, idatziz, eta desadostasun idatzia aldeei helarazteko eskatu zioten, gainera, epaimahaiburu Maria Emilia Casasi.
Probidentzia baten bitartez jakinarazi zuen Auzitegi Konstituzionalak EAE-ANVren babes helegitea tramiterako onartu duela, eta prozedura egokitu egin duela, hauteskunde prozedura "osotasunean" errespetatze aldera.
Probidentziarekin batera, Garcia Calvo eta Rodriguez Zapata magistratuen idatzia ere jaso zuten aldeek atzo. EAE-ANVk babes helegite arrunta -eta ez "hauteskunde babes helegitea"- zergatik aurkeztu zuen "sobera" justifikatu zuela argudiatu dute bi epaileek idatzian, eta Auzitegi Goreneko 61.eko salaren "jokabide prozesalarengatik" egin zuela aukera hori gogorarazi dute. "Horregatik, salak gehiengoz hartu duen erabakiarekin desadostasuna agertzera behartuta gaude, uste dugulako ez dela nahikoa ebazpen hori, era horretako erabakia hartzeko", adierazi dute idatzian. Halako barne eztabaidatan ohikoa ez den eskaera eginez bukatu dute epaimahaiburuari zuzendutako idatzia: "Komunikazio hau aldeei helaraztea eskatzen dizugu".
Sei magistratuk osatzen dute lehenengo salako epaimahaia: Maria Emilia Casas, Manuel Aragon eta Pablo Perez Tremps (joera aurrerakoikoak) eta Roberto Garcia Calvo, Jorge Rodriguez Zapata eta Javier Delgado (joera kontserbadorekoak).
Politika
Fiskaltzak EAE-ANVren babes helegitea atzera botatzeko eskatu du, "ez direlako bere eskubideak urratu"
Gauerdian hasiko da udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina, eta ordurako erabaki beharko luke Espainiako Auzitegi Konstituzionalak alderdi horrek zein ezker abertzaleko hautesle plataformek parte hartuko duten. Hala ere, EAE-ANVk babes helegitea herenegun aurkeztu zuenez eta legeak hiru eguneko epea ematen duenez, gerta liteke bihar gauerdi arte erabakirik ez hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu