Hauteskundeak

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Abertzale Sozialisten hautesle elkarte denak balio gabe uzteko eskatuko dute

Bihar sartuko dituzte Auzitegi Gorenean inpupgnazioak. EAE-ANVren 80 zerrendatik gora inpugnatuko dituztela esan du Conde Pumpido fiskal nagusiak; bihar zehaztuko dute. Nafarroan beste bost hautagaitza inpugnatuko dituzte eta Gipuzkoan bi.

2007ko maiatzaren 2a
18:47
Entzun
Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Abertzale Sozialisten hautesle elkarte denak balio gabe uzteko eskatuko dute bihar, Auzitegi Goreneko 61eko salan haien kontrako inpugnazioak sartzen dituztenean: 238 inpugnazio, hautesle elkarteak maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan izan daitezen eragotzi asmoz. Haien ustez, elkarteok "Batasunaren estrategia dira, eta Batasunak horrela, nahiz eta legez kanpokoa izan, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiak bete gabe utzi nahi ditu".

Hautesle elkarteak Batasunak sustatu dituela adierazi dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak. "Horretaz gain, hautagai asko eta asko legez kanpoko erakundeen hautagai izanak dira lehen".

EAE-ANVko zenbait zerrenden kontra ere joko dutela iragarri du Candido Conde Pumpido fiskal nagusiak. Oraingoz, ez dute jakinarazi justu zenbaten aurka, baina Conde Pumpidok gaur esan du 80tik gora izango direla. EAE-ANVk 256 zerrenda aurkeztu ditu.

Abertzale Sozialisten hautesle elkarteen baliogabetze eskaeraz gain, Estatuaren abokatuak Euskal Herriko beste zazpi hautagaitzen kontra ere joko du: Nafarroako bosten aurka (Iruñeko hautes eremukoak denak) eta Gipuzkoako biren aurka (Tolosako hautes eremukoak). Fiskaltzak, berriz, Nafarroako lauren eta Gipuzkoako biren aurka, horiek ere "HB-EH-Batasuna legez kanpoko alderdiak ordezkatu" nahi dituztelakoan.

Espainiako Auzitegi Gorenak ostiralean edo larunbatean hartu beharko ditu erabakiak. Hilaren 6an eta 7an kaltetuek helegiteak sartzeko aukera izango dute, eta Auzitegi Konstituzionalak hilaren 8an, 9an eta 10ean hartuko lituzke behin betiko erabakiak. Kanpaina, hilaren 11n hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.