Pozik hartu dute absoluzioa Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 40 gazteen abokatuek: lehenik eta behin, gazteentzat beraientzat "esan nahi duen guztiagatik". Kepa Manzisidor eta Jaione Karrera abokatuek nabarmendu dute epaiak argi utzi duela ezin dela "terroristatzat" jo edozein jarduera politiko, eta "dena ETA da" teoriaren hedapena geratzen duela. "Ez dute bere egiten jarduera politikoa, eremu abertzalean mugituz gero, terrorista bihurtzeko ideia. Eskubideen egikaritzean kokatzen dute jarduera hori".
Dena den, ohartarazi dute ez dela hori Auzitegi Nazionaleko jarrera orokorra.
Bestetik, epaimahaiak tortura testigantzen inguruko "azterketa sakona" egin duela aipatu dute, eta horrela baliogabetu egin dituztela polizia etxeko deklarazioak: "Inkomunikazioaren zulo ilunean argia sartuz, ustezko frogak umezurtz geratu dira". Modu horretan, auzipetuek eta defentsak hasieratik esandakoa berretsi du epaiak: "Agerian geratu da, gazteen ekinbide publiko, politiko eta baketsuaren aurka, haiek atxilotu zituzten guardia zibilak izan zirela bortizkeria erabili zuten bakarrrak".
Horrek guztiak aurrera begirako epaiketetan eraginik izango duen ikusteko dagoela diote, baina "baikortasunez" hartu dutela epaia: "Orain arteko inpunitatearekin amaitzeko pauso bat da".
Fiskaltzak ez du helegiterik jarriko
Agerraldian bertan iritsi zaie abokatuei azken orduko berria: Europa Press berri agentziaren arabera, Fiskaltzak iragarri du ez duela absoluzioaren aurkako helegiterik jarriko Auzitegi Gorenean. "Normala" dela esan dute abokatuek, "oso zaila" litzaiekeelako epaiaren aurkako ezer argudiatzea.