Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen idazkari ohi Josetxo Ibazetaren aurkako salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, "terrorismoa" goratu duelakoan. Salaketaren arabera, mehatxuak eta "terrorismoaren gorazarrea" egin zituen akusatuak Eurokopa zela-eta Espainiako selekzioaren jarraitzaile batzuekin Donostian izandako liskar batean.
El Mundo-k argitaratu zuen bideo batean Ibazetak Espainiak Eurokopa irabazi izana ospatzen ari ziren zale batzuekin izan zuen tirabira ikusten da. Fiskaltzaren arabera, Ibazetak "Gora ETA militarra!" oihukatu zuen, eta zaleak eskuin hatzaz seinalatu eta bi tiro emango zizkiela mehatxu egin zien.
Ibazetak dimisioa aurkeztu zuen gertakariaren berri izan zenean, eta gertaera Bilduren aurkako kanpaina politikoa egiteko ez erabiltzeko eskatu zuen. Bilduk haren jokabidea gaitzetsi eta "erabat" onartezintzat jo zuen.