"Batasuna legez kanpoko alderdiaren segida" delakoan, Sortu alderdi politikoa ez erregistratzeko eskatuko dio Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenari. Fiskaltzak berak eman du horren berri, eta martxoaren 11 baino lehen du joko du Gorenera inpugnazioa sartzera.
Fiskaltzak epea ahal den gehien agortzen badu -herenegundik hogei egun ditu-, Sortuk epe aldetik maiatzaren 22ko udal eta foru bozetan izateko aukera txikiagoak izango ditu, apirilaren 18rako hauteskunde zerrendak aurkeztuta izan behar direlako.
Sortuko sustatzaileak hilaren 9an joan ziren Espainiako Gobernuko Barne Ministeriora alderdia erregistatzera. Gobernuak pausoak eten egin ditu, eta haren estatutuak Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorri zizkien herenegun. Gobernuak haiei emandako dokumentazioaren artean, Guardia Zibilaren txosten batek dio Sortu "ETAren zerbitzura" dagoela. Espainiako Poliziaren txosten bat ere bada; alderdia ustez nola sortu den esaten du eta Batasunarekiko ustezko loturez ere ari da.
Atzo Jose Luis Ramirez Demokraziarako Epaileak (JpD) elkarteko bozeramaileak zioen Poliziak eta Guardia Zibilak gehiegikeria egin dutela Sorturi buruz egindako txostenetan. Ramirezen hitzetan, ez batek eta ez besteak ez dute eskumenik "balorazio juridikoak" egiteko, eta horiek gobernuak eta Fiskaltzak egin behar dituzte.
ETAren indarkeria ere baztertzen du Sortuk
Iñaki Zabaleta Sortuko sustatzaileetakoak hilaren 9an zioen erakunde berriak indarkeria baztertzen dutela -"zehazki ETArena"-, euskal estatua lortzeko proiektua dela, barne antolaketa demokratikoa duela, ezker abertzaleko "iraganeko antolaketarekin haustura" suposatzen duela Sortuk, euskara ardatz hartuko dutela, sozialista direla, aliantza zabalak erdietsi nahi dituztela... "Egitasmo berria da. Sinesgarritasuna irabazteko aukera emateko baino ez dugu eskatzen".
sortu-ren erregistroa
Fiskaltzak Sorturen kontrako inpugnazioa sartuko du, "Batasunaren segida delako"
Martxoaren 11 baino lehen joko du Auzitegi Gorenera, alderdi politikoa ez erregistratzeko eskatzeko. Sortuk hilaren 9an eraman zituen estatutuak Barne Ministeriora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu