politika

Fiskaltzak zortzi eta hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du Batasuna auziko 40 lagunentzat, "ETAren finantzazioa" dela-eta

Hamabina urteko espetxe zigorra galdegin du Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberriarentzat, ETAko buruzagitzat jota. 20rentzat hamarnakoa, ETAko kide direlakoan. Eta 17rentzat zortzinakoa, erakunde armatuari lagundu diotela egotzita.

2010eko apirilaren 7a
18:48
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Batasunaren aurkako auzian hamabina urteko espetxe zigorra eskatu du Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideentzat, herriko tabernen bidez "ETA finantzatu" dutelakoan. Erakunde armatuko buruzagitzat jo ditu Fiskaltzak. Gaur 13:30ak aldera eman du bere eskaeraren berri.

Ezker abertzaleko beste 37 lagun ere auzipetuta daude. Haietako hogeirentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, ETAko kide direla egotzita. Hauentzat: Karmelo Landa, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Jose Luis Elkoro, Josu Iraeta, Adolfo Araiz, Jose Antonio Egido, Txekun Lopez de Aberasturi, Karlos Rodriguez, Mikel Arregi, Esther Agirre, Jasone Manterola, Floren Aoiz, Kepa Gordejuela, Isa Mandiola, Juanpe Plaza, Antton Morcillo, Santi Hernando, Santi Kiroga eta Jon Gorrotxategirentzat

Beste hamazazpientzat zortzinakoa, erakunde armatuari laguntza eman diotelakoan: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Joseba Garmendia, Juan Francisco Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Imanol Kortazar, Ruben Granados, Enrique Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Jagoba Bengoa, Idoia Arbelaitz, Izaskun Barbarias, Sabino del Bado, Bixente Enekotegi, Andres Larrea eta Pedro Felix Moralesentzat.

Halaber, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna legez kanpoko alderdiak desegiteko ere galdegin du Fiskaltzak.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zuen 35/02 sumarioa, 2002ko martxoan, Batasuna eta herriko tabernen finantzaketaren inguruan. 2002ko abuztuan, Batasunaren jarduera eteteko eta egoitzak ixteko agindu zuen. Gerora, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuneko ardura kargutan izandako hainbat pertsona inputatu zituen. 2003ko martxoan, berriz, bide zibiletik, Auzitegi Gorenak alderdiaren legez kanporatzea ebatzi zuen. 2008ko apirilean itxi zuten sumarioa.

Bere garaian Jon Idigoras, Josu Urrutikoetxea eta Jon Salaberria ere auzipetu zituzten kasu berean. Idigoras, baina, 2005eko ekainean hil zen. Urrutikoetxea eta Salaberria ere auzitik kanpo geratu ziren. Lehenaren kasuan, bere aurka bilatzeko eta atxilotzeko agindua dagoelako. Salaberria 2008ko maiatzean atxilotu zuten Bordelen (Frantzia), eta Auzitegi Nazionalak Espainiaratzeko euroagindua igorria die Frantziako agintariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.