Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak atera dituen ondorioetatik ondorioztatu daiteke Lourdes Goikoetxearen eta Yolanda Barcinaren jardueran delitua egon litekeela, eta hori ikertzeko ondorioak Fiskaltzari igortzea erabaki dute oposiziokok alderdiek.
Tartean aipatzen da ondorioetan 2012ko azken hiruhilekoan BEZa sei hilabetetan itzultzeko araua hautsi zuela presidenteak defizitaren datua faltsutu eta "PPren politika alderdikeriaz betetzeko". Horrek Nafarroako enpresa, herritar eta ekonomiari kalteak ekarri zizkiola gaineratzen dute, dirua behar baino beranduago jaso zutelako.
Erabaki hori Barcinak hartu zuela dio batzordeak, eta Goikoetxeak bete zuela. Legearen arabera, sei hilabete ditu Ogasun Kontseilaritzak BEZa itzultzeko. Batzordeak gaineratzen du behar bezala ez itzultzearen ondorioz ordaindu beharreko interesak ere, "gutxi batzuei" soilik ordaindu dizkietela.
Batzordeak frogatutzat ematen du Goikoetxeak esku hartu zuela "lau alditan" Nafarroako Ogasuneko jardueretan bitartekari egin nahian. Zehazki Nafarroako Unibertsitatearen eta Conservas Almanaqueren kasuak aipatzen ditu txostenak.
Gainera, Goikoetxea Ogasunaren inspekzio planen berri izaten ahalegindu zela ondorioztatu dute, modu horretan bere bezero izan zirenen mesedetan aritzeko.