EUSKAL PRESOAK

Fleuryko euskal presoak gose greban daude, bisitak murriztu izana salatzeko

Maiatzaz geroztik, hilean bira murriztu dizkiete bisitak. Haiekin batera egoera berean dauden Korsikako presoak ere baraualdira batu dira.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Etxerat elkarteak iaz antolatutako zapi katea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2015eko ekainaren 16a
08:04
Entzun

Gose greba abiatu duten euskal eta korsikar presoen izenean, Ibon Goieaskoetxeak eta Joseba Iturbidek gutuna idatzi zioten joan den maiatzaren 30ean Fleury Merogis presondegiko zuzendariari. Salatu zuten “inolako abisurik” gabe aldatu dizkietela bisitak.

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, espetxeko zuzendariak ez die erantzun, eta gose grebara jo dute Iurgi Mendinueta, Aitor Elizaran, Igor Suberbiola, Ibon Goieaskoetxea, Joseba Iturbide, Juan Jose Oses eta Andoni Goikoetxeak. Horrez gain, patio garaian ziegetara itzultzeari uko egin diote, protesta modura. Gose greban dauden Korsikako presoak Cedric Courbey, Xavier Ceccaldi, Laurent Susini eta Eric Marras dira.

Hilean lau bisita luze (astean bi bisita pilatzeko aukerarekin) izateko eskubidea erdietsi zuten presoek. Ondoren, kartzelako obra batzuk zirela-eta, eta “leku falta” zegoela argudiatuta, hiru bisitara murriztu zituzten Fleuryn bisitak, asteburuetakoak mugatuta. Lanak bukatutakoan aurreko egoerara bueltatuko zirela hitz eman zieten presoei aldez aurretik. Baldintza horrekin onartu zuten presoek aldaketa akordioa, baina behin obrak amaituta, zuzendaritzak ez du aurreko bisita kopurua berrezarri.

“Badakigu jazarpen politikoan oinarritzen den eta gure kondenari ezartzen diozuen familien urruntze politikaren ondorio gehitu bati erantzuten diola honek”, idazten diote zuzendaritzari.

Etxerat-ek kartzelako zuzendaritzari eskatu dio urratsak egin ditzala presondegi horretako egoera aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.