09:00etan ekin diote sukaldaritza lehiaketari, Areatzan; 14:30ean saria eman diote irabazleari. Tartean Umeentzako Sukaldaritza Eskola egin dute, txikitatik patata tortilla egiten ikas dezaten.
Ordu berean, 2013ko Aste Nagusiko pilota txapelketa jokatu dute Esperantza kaleko frontoian. Ondoren, herri kirolak hasi dira Areatzan: lasto-altxatze txapelketa eta trontza txapelketa egin dute. 15:00etarako 16. mus txapelketa antolatu dute Areatzan, Bilboko Txitxirioa izenarekin. Horren ostean, bazkariarekin sabela bete eta arratsaldeko poteorako indarrak hartu dituzte.
Arratsaldeko lauretan, poteoari ekin diote kulturgunetik Akelarre Sound Systemekin, eta bertsolariekin jarraituko dute ondoren: Iratxe Ibarra, Oihane Perea, Izar Mendiguren, Onintza Enbeitia eta Matxalen Zabaljauregi igoko dira oholtza gainera. 19:30ean, Triki-pegada kalejirari ekingo diote Folk & Fire taldearekin, eta, gero, Rally poteoa hasiko dute Eguzkizaleak txosnatik.
Dantzek ere garrantzia izango dute. Gaztedi taldeak euskal dantzen ikuskizuna eskainiko du Plaza Barrian, 19:00etan. Hala ere, egun osoan, askotariko dantzak ikasteko aukera eskainiko dute hainbat konpartsek, besteak beste: dantza zingaroak, euskal dantzak, dantza latinoak eta sabel dantza.
Rocka, ska, saltsa, folka eta musika elektronikoa
Gaur goiz hasiko dira kontzertuak. 19:00etatik goizeko ordu txikiak arte, musikak Bilbo astinduko du: Octopussy, 28 Escupitajos, Habana 537, La Tribu del Norte, J.A. Paino, DJ Bull, DJ OGT, Luz de Putas, Patxuko Nice, Bibote Gorriak, Bon Scott Revival Show, Ramonetarrak, Joxe Replay eta TajonPrieto y los Cuajalotes, besteak beste.
Gauerditik aurrera, talde hauek mantenduko dute gaua bizirik: 4 Hare ale, Reno Renardo, Pumara, Charlotte Glitter, DJ Dark & DJ R2 eta DJ Billyk.