Politika

Foro Sozialak amaitutzat eman du ETAren armagabetze prozesua

Foro Sozial Iraunkorrak adierazi du nazioarteko estandarren barruan egin dela ETAren armagabetzea. Agus Hernan bozeramaileak prozesua aurrera eramateko elkarlana goraipatu du, instituzioen, NEB Nazioarteko Egiaztazaile Batzordearen eta gizarte zibilaren lana azpimarratuz.

Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea Aieteko jauregian eginiko agerpenean. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Iosu Alberdi.
2017ko uztailaren 7a
10:22
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak amaitutzat eman du ETAren armagabetze prozesua. Armagabetzea nazioarteko estandarren barruan egin dela nabarmendu du Foro Sozialak: "Erabatekoa izan da, nazioarteko egiztapena izan du, Frantziako Gobernuaren parte hartzea izan du, eta segurtasuna eman dio gizarte zibilari". Prozesu horren bidez 3,5 tona armamentu desartikulatu direla gogoratu du.

Atzo bere ibilbidea amaitutzat eman ostean, Hernanek eskerrak eman dizkio NEBi 2011tik eginiko lanagatik, duela sei urte Aieteko Adierazpena egin zuten leku beretik. Batzordearen pertseberantzia azpimarratu du, "askotan oztopoz beteta" egon den sei urteko lanean. Adierazi du akordioak lortzeko gaitasunaren ondorio izan dela prozesua amaitu izana. Azaldu du Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Iparraldeko hautetsien eta instituzioen, Confebasken, euskal Elizaren, alderdi politikoen eta sindikatuen babespean egin dela bide hori, gizarte zibilarekin batera.

Triangulazioan oinarritutako metodoaren erabilera "arrakastatsua" azpimarratu du Hernanek, "aipatutako nazioarteko estandarren barruan prozesua aurrera eramateko". Erpin banatan euskal instituzioak, NEB eta gizarte zibila kokatuta, horien arteko akordioak sustatzea gakoa izan da bozeramailearen esanetan. Metodo horri jarraituz, geratzen diren "korapiloak" askatu behar direla azaldu du: euskal preso eta iheslarien etxeratzea, biktima guztien aitortza eta memoria, besteak beste.

Foro Soziala balorazio dokumentu bat prestatzen hasi da orain. Dokumentu hori Aieteko jauregian bertan aurkeztuko dute, irailean egingo duten jardunaldi batean. Aurkezpenarekin batera, Foro Sozialak amaiera emango dio prozesu honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.