ETAren desmobilizazio prozesuari buruzko xehetasun gehiago argituko dira astelehenean. Foro Sozialak ETAren ibilbidearen amaierari buruzko "datu garrantzitsuak" emango dituela iragarri du hedabideetara bidali duen deialdian.
Prentsaurrekoa 16:00etan izango da, Baionako Le Bayonne hotelean. Foro Sozialeko kideez gain, agerraldian parte hartuko dute HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko eta Bake Bideko ordezkariek ere.
ETAk bere ibilbidearen bukaera maiatzaren lehenengo asteburuan iragarriko duela berretsi du, gaur, Alberto Spektorowski HNTko kideak. Adierazi duenez, ETAren adierazpena "oso argia" izango da, eta Ipar Euskal Herrian egingo den ekitaldi batean irudikatuko da. Ekitaldi horretan nazioarteko zenbait eragilek parte hartuko dutela ere aurreratu du.