Bake prozesua bultzatzeko Foro Soziala eta hortik eratortzen diren gomendioen aurkezpena "ekarpen eraikitzailetzat" jo ditu ETAk, eta "iritzi zehatza" helaraziko die erakundeak aholku horien sustatzaileei, "edukiari ekarpena egin asmoz".
Martxoaren 14an eta 15ean Foro Soziala egin zuten Iruñean eta Bilbon, gatazkaren konponbidean gizartearen parte hartzea sustatzeko. Bilkura horietan jasotakoak hamabi gomendiotan laburbildu zituzten sustatzaileek.
ETAk, Gara egunkariak gaur argitaratutako oharraren bidez, adierazi du "egungo blokeo egoera kontuan harturik, arrazoizko konponbidea helburu duen aukera oro aztertzeko jarrera irekia" duela. Gomendioek "gatazkaren ondorioak gainditzeko agendako gaiak" biltzen dituztela uste du erakundeak, eta gaineratu du "ondorioen konponbiderako bide-orria adosteko abiapuntua" izan daitezkeela.
Foro Sozialetik eratorritako ondorio eta aholkuen edukiez, ETAk "bere irakurketa propioa du, ekarpenak, ñabardurak eta baita desadostasun zehatzak ere". "Horiek ez dira izango, ordea, gomendioen inguruan ikuspegi eraikitzailetik jarduteko oztopo", zehaztu du.