Ondorioen txostenean "bake prozesuaren sendotzea desblokeatzeko gai diren ideiak eta iradokizunak" eskaini nahi dituzte foro sozialeko antolatzaileek. Jorratutako gai bakoitzaren kontatzaileekin batera —desarmatze eta preso eta iheslarien itzuleraren agenda, giza eskubideen bermea eta iraganari aurre nola egin— osatuko dute txostena.
Aurrerapen gisara foroaren balorazioan esan dute badaudela bake prozesuak bakeranzko pauso ziurrak emateko prest agertu diren pertsonak eta taldeak, "baketsua eta giza eskubideekin begirunetsua den bizikidetzarako aukera berriak ere bilatzeko prest daudenak".
Hurrengo asteetan parte hartzeko eremu berriak eskainiko dituztela ere aurreratu dute, "prozesuaren bultzadarako giza kapital hau bake justu eta iraunkor bati ekiteko gakoa" izango delako ziur. Iruñean eta Bilbon 600 herritarrek parte hartu zuten, eta aretoak txiki geratu ziren parte hartu nahi zuten herritar guztien eskaerei baietz esateko.
Erakunde eta banakako herritarrengandik 500 ekarpen eta hausnarketa baino gehiago jaso zirela azaldu dute, eta interesa piztu duelako ekarpenak jasotzeko epea martxoaren bukaera arte zabaltzea erabaki dute.
Lokarrik balioa eman nahi dio topaketa mota hauek sortzen duten bultzada eta itxaropen giroari, hainbat erakunde eta jatorritako pertsonak elkarrekin gogoeta egiteko bilduz bakeranzko urratsak bultzatzeko mezu sozial oso posibiboa zabaltzen delako.