Bake Bideak eta Lokarrik Foro Sozialaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur arratsaldean Estrasburgoko Parlamentuan. Basque Friendship bake prozesua babesteko hainbat parlamentarik osatutako taldeak antolatuta egin dute saioa. Foro Sozialaren gomendioak azaltzeaz gain, sustatzaileek Europako Batasunari eskatu diote Euskal Herriko bake prozesuarekin engaiatzeko. Europako Batasunaren "sostengu politikoa" ezinbestekoa dela azpimarratu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak.
Joan den maiatzean aurkeztu zituzten Foro Sozialaren gomendioak. Bake prozesua bultzatzeko herritarren hainbat proposamen jasotzen dituzte, zehazki gai hauekin zerikusia dutenak: elkarrizketa eta akordioa bultzatzea, desarmea, presoen itzulera, giza eskubideen bermea eta memoria eta adiskidetzea.
Lehenagotik Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Erresuma Batuko Parlamentuan eta Suitzakoan aurkeztu izan dituzte. Horiek bultzatzeko, gainera, abenduan batzorde bat izendatu zuten, zortzi kidez osatua: Fernando Armendariz, Anne Marie Bordes, Henri Duhalt, Maite Perez Larunbe, Nazario Oleaga, Jordi Armadans, Garbiñe Biurrun eta Michel Tubiana.
Oleaga gaurko ekitaldian izan da, bake prozesua bultzatzeko batzordearen ordezkari gisa. Foro Sozialaren sustatzaileek eta batzordearen ordezkariak euskal gizartearen erronka garrantzitsu eta historiko honetan Europako Batasunak zer ekarpen egin dezakeen eta nola lagun dezakeen aztertzera animatu dituzte parlamentariak.