Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuak (UPN) eta Espainiakoak (PSOE), gaur Diario de Navarra-k dioenez, eta, batik bat, hauteskundeak aurreratzea ahalbidetuko duen aldaketa egingo dute, betiere Espainiako Kongresuak eta Nafarroako Parlamentuak berretsiz gero. Ekaina baino lehen berresteko asmoa dute. Nafarroako Legebiltzarrean UPNk 22 parlamentari ditu, Nafarroa Baik hamabi, PSNk hamabi, CDNk bi, IUk bi -2007ko hauteskundeetarako EAE-ANV baliogabetu egin zuen Espainiako Justiziak-.
Akordioa Miguel Sanz Nafarroako gobernuburuak eta Manuel Chaves Espainiako Lurralde Politikako ministroak sinatuko dute, martxoaren 18an, Iruñean.
Gaur egungo aukeraren arabera, Parlamentua desegin eta bozetara deitzen bada, hurrengo legealdiak ez luke lau urte iraungo, baizik eta aurrekoa amaitzeko falta zen denbora. Hori aldatu nahi dute; hau da, bozak aurreratuz gero, hurrengo legealdia lau urtekoa litzateke. "Erreformaren bidez, Nafarroak modu lasai batean itxiko du esparru instituzionala, eta ez dugu zentzugabeko saihesbiderik erabiliko aldaketa sakon bat egiteko", zioen Miguel Sanzek abenduan.
Aldaketaren ondorioz, Nafarroak berari dagokion gaietan Europako Batasunean parte hartzeko aukera arautuko luke.
Iazko sanferminak amaitu ondoren, Nafarroako gobernuburuak Foru Hobekuntza berritzeko eskaera egin zion Espainiako Gobernuari. Abenduan osatu zuten bi aldeko batzordea. Sanzen iritziz, Nafarroak ez du behar aldaketa sakonik, Estatuarekin bi aldeko harremana duen erkidego bakarra baita, eta berezko finantzaketa sistema baitu.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak gaur adierazi du "bereziki gustura" dagoela akordio horrekin. "Aldaketa ez da eduki handikoa. Izaera juridiko tekniko handiagoa du".
1982tik dago indarrean Foru Hobekuntza. Ez zuten, ordea, nafarren artean erreferendumik egin.
politika
Foru Hobekuntza berritzeko akordioa lortu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek
Batik bat, hauteskundeak aurreratzea ahalbidetuko duen aldaketa egingo dute. Espainiako Kongresuak eta Nafarroako Parlamentuak berretsi beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu