Foru Hobekuntzan 2010eko martxoan egin zen aldaketak ahalbidetu egingo luke une honetan Barcinak Parlamentua desegin eta bozetara deitzea. Orain dela bi urte arte, Parlamentua ezin zen lau urterako agintaldi bat hasteko desegin. Baina UPNk berak bultzatu eta PSNk babestu zuen aldaketaren ondorioz jada Nafarroako Parlamenturako hauteskundeek ez dute zertan bat egin behar udal hauteskundeekin.
Hain zuzen, PSNk 2007an sortu zuen egoera egon zen aldaketaren oinarrian. Hainbat aste pasa zituen alderdi sozialistak NaBairen eskaintza onartu edo ez erabakitzeko. Horrek hutsune politikoa sortu zuen erakundeetan, ez Miguel Puras PSNkoak ezta Miguel Sanz UPNkoak ez zituztelako euren izendapena ziurtatzeko nahikoa babes. Aldaketaz geroztik, bozetatik hiru hilabetera presidenterik ez badago, berriro deituko dituzte herritarrak bozka ematera.