NUPeko ikasleek ez dute zalantzarik: legez kanpokotzat jo dute hilaren 7an Foruzaingoa unibertsitateko Arrosadiko campusean sartu izana. Murrizketen aurkako protesta egin zuten ikasleek egun horretan, eta foruzainak gogor oldartu ziren haien kontra. «Unibertsitateak duen autonomia gutxietsi dute; legez kanpokoa izan zen Foruzaingoa unibertsitatean sartu izana, eta salatu eginen dugu. Ardurak argitu behar dira», nabarmendu dute. Salaketa gauzatzeko modua oraindik ez dute zehaztu ikasleek, baina hainbat abokaturekin harremanetan direla azaldu dute.
Unibertsitateko hainbat ikaslek eta ikasle taldek NUPeko Batzar Nagusia osatu dute, eta jendaurrean agertu ziren atzo foruzainen jarrera kritikatu, eta hezkuntza publikoaren aldeko hainbat protesta iragartzeko. CGT, ELA eta LAB sindikatuen babesa ere jaso dute.
NUPeko errektore Julio Lafuenteren babesa ere bilatu dute ikasleok, baina, oraingoz behintzat, ez dute lortu. «Bilera eskatu diogu, baina ez du gurekin hitz egin nahi izan», azaldu du NUPeko Batzar Nagusiko kide Mayu Serreauk.
Unibertsitateko agintariek ikasleei ziurtatu diete ez zutela haiek Foruzaingoa deitu, Serreauk nabarmendu duenez. Hala ere, oldarraldia gertatu eta gero erakundea «isilik» gelditu izana «ulertezintzat» jo dute ikasleek. «Ikasleon eta gure ekintzen alde egin beharko luke unibertsitateak», erran du.
Foruzaingoaren oldarraldia gertaera larritzat jo dute, eta haren inguruan Nafarroako Gobernuko kideek eman dituzten azalpenak «kezkagarriak» izan direla erantsi dute ikasleek. «Javier Morras kontseilariak erran du Foruzaingoak ez duela Nafarroako Gobernuko inoren agindurik behar bere eginbeharrak modu eraginkor, azkar eta profesional batean betetzeko». Nafarroako presidente Yolanda Barcinak ikasleak «kriminalizatu» nahi izan dituela ere salatu dute.
NUPen protesta egiteko «hamaika arrazoi» badela nabarmendu dute Batzar Nagusiko kideek. Murrizketek hezkuntza publikoa arriskuan jartzen dutela nabarmendu dute, eta Nafarroako Gobernuak erakunde pribatuei egiten diela, batez ere, mesede.
Hori dela eta, biharko greba deialdiarekin bat egin, eta parte hartzera deitu dituzte ikasleak. 10:30ean NUPen eginen dute bat, eta handik abiatuko dira Gazteluko plazarantz, 12:00etan hasiko den manifestazioarekin bat egiteko. Urriaren 11ko ikasle grebarekin ere bat egin du NUPeko Batzar Nagusiak.
Berriozarren ere, protestak
Berriozarko (Nafarroa) Mendialdea ikastetxeko gurasoek ere mobilizazioak egiten jarraitzen dute, haurrak eskolara eramateko garraio publikorik gabe gelditu izana salatzeko. Gaur greba eginen dute, eta arratsaldean, berriz, batzarra, 18:00etan, eta elkarretaratzea, 19:00etan, Euskal Herria plazan.
19:30ean osoko bilera eginen dute Berriozarko Udalean. Gai zerrendan izanen da eskolako garraio publikoaren arazoaren auzia, hain zuzen ere. Azken hiru urteotan Nafarroako Gobernuak hartu du bere esku Mendialdeko ikasleen garraioaren ardura, baina orain bertan behera utzi du.
«Foruzainak sartu izana salatuko dugu»
NUPeko Ikasleen Batzar Nagusiak «ardurak argitzeko» asmoa agertu du; protestak eginen ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu