Politika

Foruzainek Arbizu "berriro okupatu" dutela salatu du Askatasunak

Urte berri egunean hango bi lagun atxilotu zituzten, euren kontra egin zutelakoan, eta atzo herritarrak identifikatzen-eta ibili ziren.

2008ko urtarrilaren 4a
13:16
Entzun
Askatasunak salatu duenez, atzo Nafarroako foruzainek Arbizu (Nafarroa) "berriro okupatu zuten". Herriko sarreretan kontrolak jartzeaz gain, haien bi furgoneta herrian ibili ziren herritarrak identifikatzen eta galdekatzen. Paisanoko polizia asko ere ibili zirela dio Askatasunak.

Hilaren 1ean foruzainek bi gizonezko atzeman zituzten Arbizun, euren kontra egin zutelakoan, eta hurrengo egunean libre utzi zituen Iruñeko Auzitegiak, karguak leporatuta. Arbizukoak bertakoak dira biak: M.J.G.R. (35 urte) eta M.B.U. (24). Aurrenekoari "autoritateen kontrako atentatua" leporatu diote eta bigarrenari, eta besteari "autoritateen kontrako atentatua, erresistentzia eta kalteak".

Urte berri eguneko goizean izan zen ustezko liskarra. Foruzainen arabera, gizonezko haietako batek irain egin zien taberna batetik irtenda, Kale Nagusian, eta ondoren beste 25 bat lagunek ere gauza bera egin zuten. Foruzainen autoa jotzen ere hasi ziren, betiere hauek diotenez, eta zabor-ontziak erre zituzten. "Foruzainei eraso egiteko ahaleginak ere egin zituzten", eta bost polizia zauritu egin ziren.

Arbizuko Udalak salatu egin zuen foruzainen jokabidea, "era probokatzailean" aritu zirelako. Lehenbabizi, lagun haietako bat atxilotu zutela esan zuen Udalak, eta gero, jendeak kexa azaltzean, poliziek pilotakadak-eta bota zituztela. Udalaren arabera, foruzainek hainbat lagun zauritu zituzten.

Askatasunak ere dio gezurra dela foruzainen bertsioa, eta hauek hasi zituztela liskarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.