Nafarroako Foruzaingoak Gurelur ekologista taldeak salaturikoa baieztatu du. Azaroaren 14an Etzegaraten Gipuzkoarako norabidean zihoan kamioi bat gelditu zuten foruzainek, Ziordiko bizilagun batek salatu ostean. Herritarrak salatutakoaren arabera, abandonaturiko Aralur pabiloian erabilitako arropa zama bat bota berria zuen kamioiak. Foruzainek baieztatu dutenez, kamioilariak esan zuen Ekotrade enpresarentzat egin zuela garraio lana.
Foruzainek Ertzaintzaren esku utzi dute kasuaren ikerketa, enpresak Astigarragan (Gipuzkoa) duelako egoitza. Edonola ere, pabiloiaren jabeek salaketa jarri arte «ezer gutxi gehiago» egin dezaketela adierazi dute.
Arropa, izarak, mantak, oinetakoak... Denetik dago, eta tonaka, Ziordiko N-1 errepide zaharreko 392. kilometroan dagoen pabiloian. Gurelur natura babesteko Nafarroako funtseko kideek esan dute ez dakitela arropa Gipuzkoan bakarrik bildutakoa den edo Hego Euskal Herri osoan batu ote duten, baina badakitela berriz erabiltzeko kanpainetan jasotakoa dela. «Herritarrek berriz erabiltzeko ematen duten arropa modu lotsagarri eta legez kanpokoan botatzen ari da Gipuzkoako enpresa bat», adierazi dute. Toño Munilla Gurelurreko idazkariak BERRIAri esan dionez, «milaka pertsonaren kontzientzia zapaltzen ari dira».
Astigarragako egoitza bisitatzera gonbidatu ditu Ekotradek Gurelurreko kideak, nola lan egiten duten azaltzeko. Ekologistekin edukitako lehen harremana «ona» izan dela idatzi zuten enpresako arduradunek atzo. «Jakina da pabiloi horretan lotsagarrikeria bat egiten ari dela norbait», gaineratu dute, eta harremana «ildo onetik» eramatea espero dutela, «prozesu gogorragoetan sartu ordez».
Ekologistek baietz erantzun diote biltzeko proposamenari, baina «konprometitzen badira arropa guztia erretiratzera, tratatzera eta benetan birziklatzera». Edonola ere, ekologistek hitzordua aldatu dute azken orduetan, eta, elkartzekotan, Ziordian bertan —arropak uzten dituzten lekuan— edo Iruñean geratzeko esan diete enpresaren arduradunei. Astelehenean dira biltzekoak.
Munillak esan du ikusi dutela enpresak baduela «arazoa konpontzeko jarrera». Ekologistaren arabera, konponbidea ez da zaila: arropa jasotzea. Horrekin eurak pozik geratuko liratekeela adierazi du, eta udalak ere antzeko jarrera agertu duela nabarmendu du.
«Garraio bakarra» onartu dute
Isurketaren inguruko ohar bat plazaratu zuen asteartean Ekotrade enpresak. Enpresaren arabera, salaturikoa «gertaera puntual» bat izan da. Nabarmendu zuten enpresarekin lotura zuzenik ez duten profesionalek egiten dituztela garraio lanak.
«Ekotradek ez du garraiorako ibilgailu propiorik. Garraio zerbitzuak enpresatik kanpoko profesionalei kontratatzen zaizkie, eta horiek garraiatzen dituzte hondakinak», idatzi dute enpresako arduradunek. Adierazi dute Ziordiko isuriarekin ez dutela loturarik, «ez zuzena, ez zeharkakoa», eta ez dutela zerikusirik pabiloiarekin. Salaketa eragin duen gertaera «erabat puntuala» izan dela gaineratu dute, eta hori «dagokien agintariekin konpontzeko bidean dagoela».
Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak kudeatzen ditu enpresak, eta baita «arriskutsuak ez diren hondakin asko» ere, haien webgunearen arabera. Moyua eraikuntza enpresa da Ekotraderen akziodun nagusia.
BERRIAk Moyua enpresako arduradunekin hitz egin du, eta baieztatu egin diote euren arropa garraio bat Ziordiko pabiloian bota zutela. Edonola ere, hara eraman izana «akats» baten ondorioa izan zela adierazi dute. Normalean, Vianako (Nafarroa) zabortegira eramaten dute arropa, hura jasotzen duten elkarteek «gehiago erabiltzerik ez daukatenean». Kamioilaria nahastu zela ikusi zutenean, gertatutakoaren berri eman zioten Nafarroako Gobernuari, azaldu dutenez. Ziordian kamioikada arropa bat baino gehiago dagoela aipatuta, eurek horrekin zerikusirik ez dutela adierazi dute Moyuakoek, eta «garraio bakarra» izan zela berretsi dute.