Nafarroa Garaian foruzainek hiru gizonezko atxilotu zituzten iragan aste hondarrean, gaur Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.Erasoak Iruñea, Milagro eta Azkoienen egin zituztela zehaztu du. Gainera, Noaingo gizonezko bizilagun bati deklarazioa hartu diote, bikotekideak salaketa jarri baitzuen haren kontra, jazarpenagatik eta mehatxuengatik.
Iturri ofizialei jarraiki, lehenbiziko erasoa ostiralean gertatu zen, Iruñean. Foruzainek 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekideak salatu ondotik. Jo egin izanaz akusatu zuen, eta salaketa jartzean mediku agiria aurkeztu zuen.
Igandean, Tafallako polizietxeko foruzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Milagro herrian. Bikotekideak poliziei dei egin zien, gizonezkoaren aldetik etengabe erasoak jaso izana salatuta. Ustezko erasotzailea Tafallako epaitegiaren esku utzi zuten gero.
Egun berean, Azkoienen 29 urteko gizonezko bizilagun bat atxilotu zuten, ustez bikotekideari eraso ondoren. Lehenago udaltzainak bikotearekin zer gertatzen zen jakitera bertaratu ziren.
Horrez gain, Noaingo 48 urteko gizonezko bizilagun bati deklarazioa hartu zioten atzo, bikotekideak salaketa jarri baitzuen haren kontra, jazarpenagatik, mehatxuengatik eta tratu txar psikologikoengatik.
emakumeen aurkako indarkeria
Foruzainek hiru gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan, bikotekideak jo dituztelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu