INDARKERIA MATXISTA

Foruzaingoak 22 salaketa jaso ditu indarkeria matxistagatik konfinamendua hasi zenetik

Hamar gizonezko atxilotu dituzte itxialdi bitartean kasu horiekin lotuta. Foruzaingoaren arabera, zailak dira identifikatzen. Indarkeria salatzera animatu dituzte herritarrak. 

Emakume bat, eltze joka, indarkeria matxista salatzeko. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 7a
12:15
Entzun

Joan den martxoaren 15etik, Nafarroako Foruzaingoak 22 salaketa jaso ditu indarkeria matxistagatik, eta kasu horiekin lotuta hamar gizonezko atxilotu dituzte asteotan, Foruzaingoak berak jakinarazi duenez. Ohartarazi dutenez, halere, kasuak zailak dira identifikatzen, eta senideen eta bizilagunen laguntzari esker jakinarazten dira. Inguruan indarkeria zantzuren bat sumatuz gero salatzeko deia egin dute foruzainek, beraz: «Herritarren parte hartzea funtsezkoa da halako kasuetan». Gogoratu dute abisua ematen duen pertsonaren konfidentzialtasuna errespetatu egiten dutela.

Mugimendu feministak eta hainbat erakundek nabarmendu duten gisan, Foruzaingoak ere oroitarazi du konfinamenduaren ondorioz etxe barruko indarkeria matxistako egoerak areagotu daitezkeela, eta kasu horietan bizilagunak direla biktimei laguntzeko eta abisuak emateko bide bakarra. Tuteran gertaturikoa da azkeneko kasua: emakume baten oihuak entzun zituzten etxe batetik, eta, abisua jasota, foruzainak etxebizitzan sartu ziren. Ama jotzen ari zen mutil bat atzeman zuten, eta segituan atxilotu. Jakinarazi dutenez, biktimari laguntza bermatu zioten.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.