'fracking'-a

'Fracking'-a debekatzeko lege proposamena eztabaidatuko du gaur Eusko Legebiltzarrak

Bizkaiko kostaldean, Gernika ingurutik Gorlizeraino, gasa baden ikertzen hasiko dira. 29 herri daude barruan.

'Fracking'-aren mapa Euskal Herrian. JOXEAN APEZTEGIA
2014ko abenduaren 4a
11:43
Entzun

Herri ekinbide legegile gisa iritsi da gaia parlamentura, teknika horren aurkako taldeek sinadurak bilduta —103.000 baino gehiago batu dituzte—. Lehen ere aurkeztu zuten antzeko proiektu bat, baina legebiltzarrak ez zuen onartu. Oraingoan, aldiz, oso litekeena eskaria aintzat hartzea, eztabaidatzeko behintzat.

EAJk jarrera aldatu du. Proposamena aztertzearen aurka bozkatu zuen aurreko aldian, baina uste izatekoa da orain alde agertuko dela, Eusko Jaurlaritzak egokitzat jo baitu teknika horri buruz eztabaidatzea. Edonola ere, gobernuak ohartarazi du bide laburra daukala fracking-a debekatzeko eskariak, ikusita beste erkidego batzuek hori egin dutenean Madrilek salaketa jarri eta Konstituzionalak eten egin duela araua.

Bien bitartean, Bizkaiko kostaldera iritsi dira lurpetik gasa ateratzeko proiektuak. Geminis proiektua ari da pausoak ematen. 29 herritako lurrak hartzen ditu, 48 hektarea, lauki baten eran: Gernika eta Mundaka aldetik mendebaldera, Leioa eta Gorlizeraino. Espainiako Gobernuak udalei jakinarazi die lanak hasteko prozedura martxan jarri dutela, eta alegazioak jartzeko epea zehaztu die. Natur balio handiko eremuak daude Geminis proiektuaren eremuan —Urdaibai, adibidez—, baina enpresa sustatzaileak dio "eragin minimoa" izango dutela probek ingurumenean.

Sopelako Udalak eman du abisua; herritarrei azaldu die jakinarazpen bat jaso duela Madrildik, Ingurumen Ministeriotik, eta dei egin du protestara: abenduaren 20an, kalejira bat egingo dute. Iaztik, "fracking-ik gabeko herria" da Sopela. Lurpetik gasa ateratzeko teknika bat da fracking-a; harri geruzak zartatu egiten dituzte, uraren eta konposatu kimikoen bidez, eta harkaitz artean dagoen gasa atera egiten dute horrela. Ingurumenarentzat arriskutsua delakoan, debekatua dute herrialde batzuetan; Frantzian, esaterako. Espainiako Gobernua aldekoa da.

Euskal Herrian, batez ere Araban eragin du zeresana fracking-ak, han egin baitituzte azterketa gehienak. Talde ekologisten arabera, Arabako lurren %88 hartzen dituzte gasa bilatzeko proiektuek. Bizkaian, lurren %73. Azterketak eginak dituzte Bizkaian lehen ere, Arratia inguruan, Saia proiektuarekin —Araba eta Bizkaia hartzen ditu plan horrek—. Geminis egitasmoak, ordea, baditu berezitasun batzuk: nagusia, kostaldea hartuko duela aldez alde. Lurpea ez ezik, itsasoa ere arakatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.