Gas natural ez-konbentzionala erauzteko fracking teknika erabiltzea legez debekatzeko eskatu dute Arabako Biltzar Nagusiek gaur. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Legea aldatzeko eskatu dute.
1994koa da Ingurumen Legea, eta haren 4. artikulua aldatu nahi dute Biltzar Nagusiek. Babestutako natur guneetan meagintza jarduerak debekatuko dituen parrafo bat eranstea proposatu dute gaur. Ekimenak aurrera egingo balu, babestutako natur guneetan ezingo litzateke fracking edo haustura hidraulikorik egin.
Bilduk aurkeztu du legezko proposamena, eta Biltzar Nagusiek aho batez onartu dute ekimena. Biltzar Nagusietan dagokion juntak aztertu beharko du, orain, gaia, eta osoko bilkurak berretsi beharko du hurrena.
Biltzar Nagusien osoko bilkurak oniritzia ematen badio, ordezkaritza bat bidaliko dute Eusko Legebiltzarrera, lege aldaketa proposatu eta defendatzera.