Arabako Fracking Ez plataformak "mugarritzat" jo du haustura hidrauliko bidez lur azpitik gasa erauzteko egitasmoen aurkako manifestazioa. Iragan larunbatean 12.000 eta 15.000 pertsona artean bildu zirela jakinarazi dute gaur, eta Gasteizko azken hamar urteetako mobilizazio handiena izan dela nabarmendu dute, greba orokorrak kenduta.
Larunbatekoa munduan fracking-aren aurka egindako hiru manifestazio handienetako bat izan zela azaldu dute, baina nabarmendu dute, herrialde horietan ez bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eta Espainiako agintariek ez dutela eskaera aintzat hartu: "Jendearen kezketatik deskonektatuta dauden seinale izan daiteke, eta iraingarria iruditzen zaigu".
Alderdi guztietako lehendakarigaiekin eskatutako bileren berri ere eman dute. Equo, UPD, EH Bildu, Ezker Anitza eta Ezker Batuko lehendakarigaiek fracking egitasmoen aurkako hiru konpromiso hartu dituzte beren gain. Plataformak azaldu du PSE-EEko lehendakarigaiak "agenda arazoak" arrazoitu dituela bilera ez egiteko eta EAJko eta PPko lehendakarigaiek ez dietela eskaerari erantzun ere egin.