Bilduk aurkeztu du mozioa Gasteizko udalean. PSE-EEko eta EAJko zinegotziek bat egin dute testuarekin. Gasteizek "fracking-ik gabeko lurralde" izendatu zuen bere burua duela urtebete, eta erabaki hori berretsi dute gaur udal taldeek. Herritarrei dei egin diete teknika horren aurkako sinadura bilketan parte hartzera. Eta gizarte etxeetan sinadurak biltzeko baliabideak jartzea adostu dute.
PPk, udalbatzan, ez ditu babestu mozioaren eskakizun horiek, desegokitzat jota. Zinegotziak bileratik atera direnean, fracking-a debekatzeko herri ekinaldi legegilearen alde sinatu dute —Arabako Fracking Ez taldea ari da sinadurak biltzen, Eusko Legebiltzarrak teknika hori debeka dezan—. Javier Maroto eta Idoia Garmendia Gasteizko Ingurumen zinegotzia ere atera dira, eta sinatu ote zezaketen galdetu diete plataformakideei. Sinatu, eta argazkia ere atera diete.
Haustura hidraulikoa sustatzen ari da PP Madrilen. PSOE aurka agertu da han, baina PSEk kontra egin dio hemendik. Gorka Urtaran EAJko zinegotziak, berriz, "anbiguotasunak" uzteko eskatu zion orain bi egun bere alderdiari. Gaur EAJk, Bilduk eta PSEk fracking-aren aurka bat egin dute Gasteizen, mozioarekin. Eta ondoren PPko alkateak eta Ingurumen zinegotziak ere bat egin dute, sinadurarekin. Nolabait ere, beren alderdien lerro nagusien aurka eginez.
Udalbatzak, bestalde, Garoñako zentral nuklearrari buruz ere eztabaidatu du gaur. Garoñaren jabeak diren enpresekin —Endesa eta Iberdrola— udalak zer kontratu dituen aztertzeko, eta kontratu horiek ez berritzeko eskatu diote oposizioko alderdiek EAJri.