Arabako batzar nagusietara bidaliko dituzte Kuartangoko galdeketaren emaitzak. Espainiako Gobernuak ez zion baimenik eman galdeketa egiteko, haustura hidraulikoari buruzko araudia zehaztea Madrili dagokiola esanda. Kuartangoko batzarrek (Araba), horren aurrean, erabaki zuten ezohiko bilerara deituko zituztela herritarrak, lurpetik gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren teknikari buruzko iritzia eman zezaten. Bilerak Kuartangoko batzar bakoitzean egin dituzte. Galdera bat egin diete batzar horietara joango diren herritarrei: "Ados al zaude zure batzarrean fracking-a baimentzearekin?". Ezezkoa izan da erantzuna.
Madrilek galdeketa debekatu arren, Udaleko arduradunek jakinarazi dute "herritarrek erabakitakoa errespetatuko eta errespetaraziko" dutela, bide judizialetik defendatu behar izanez gero ere.
Fracking-aren kontrako nazioarteko eguna
Global Frackdown fracking-aren kontrako munduko ekimenak bigarren aldia du aurten. Iaz harrera oso ona izan zuen, antolatzaileen arabera: 200 ekintza hogei herritan. Aurten arrakasta hori gainditzea espero dute, iaztik asko zabaldu dira-eta gasa ateratzeko teknikaren kontrako protestak.