Fracking Ez plataformak iragarri du Konstituzionalak aste gutxi barru baliogabetu dezakeela haustura hidraulikoa arautzen duen EAEko legea. Hori gertatzen denerako neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. “Ekintza plan bat ikusi nahi dugu, alferrikako adierazpenetatik harago herritarren gehiengok eta Eusko Legebiltzarrak erabaki dutena errespetatzeko”, eskatu du plataformak, gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
Eusko Jaurlaritzari eskatutako ekintza planaz gain, plataformak berak mobilizazioak iragarri ditu. Espainiako Gobernuak EAEko araudiari jarritako helegitea “herri borondateari eta subiranotasunari” iruzur egitea dela uste du. Ordea, mobilizazioak aurkeztu aurretik, Konstituzionalaren erabakia gauzatzen den arte itxoingo duela azaldu du, oraingoz ez duelako ezer jakinarazi. “Gaur egun legeak indarrean jarraitzen du”, zehaztu du plataformak.
Bestetik, Fracking Ez plataformak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak legea betetzeko aukera duela. SHESA Euskadiko Hidrokarburoen sozietate publikoak aurreikusita dauzkan proiektuak bertan behera uztearekin nahikoa litzatekeela nabarmendu du. “Hori litzateke Euskadin fracking-ik ez egoteko bermerik onena, gaur egun SHESA baita mehatxurik handiena”.
Ildo horretan plataformak xehatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden fracking egitasmoak, eta aurreratuenak Eusko Jaurlaritzaren menpeko enpresarenak dira. “Tamalgarria da ikustea zulatzaileen esperantza bakarra Eusko Jaurlaritzak SHESAri ematen dion finantzaketa publikoaren eskutik heltzen dela”.