MARTXOAK 3 ELKARTEA
«Ez da albiste ona; epaitua izan aurretik hil da Fraga»
Martxoak 3 elkarteak gogoan izan ditu, Fraga ministro zela, 1976an poliziak Gasteizen hil zituen bost langileak. Elkartearen arabera, ez da albiste ona: «Diktaduran zuen arduragatik eta hilketa frankistengatik epaitu gabe hil da». Elkartearen ustez, hala ere, euskal gizartearen gehiengoak epaitu du, eta «Espainiako inpunitatearen ikurtzat» jotzen du.
Gogoratu du Fragak inoiz ez duela «damurik» erakutsi Gasteizko gertaerengatik. Elkarteak dei egin dio Espainiako Gobernuari «bere poliziek» Gasteizen eragin duen mina onartzeko: «Pausoak eman behar ditu bizikidetzan oinarrituko den jokalekurantz».
AHAZTUAK 1936-1977
«Espainiako inpunitate ereduaren ikurra da Fraga»
Frankismo garaiko biktimen elkarteak deitoratu egin du Fraga nazioarteko epaitegiek epaitu aurretik hil izana. Elkartearen arabera, erakundeen eta alderdi politikoen nahi izan da Fraga ez epaitzea: «Espainiako inpunitate ereduaren ikurra da Fraga». Nabarmendu duenez, frankismoaren soka ez da eten Fragaren heriotzarekin: «Batzuek bizirik jarraitzen dute oraindik».
IÑIGO URKULLU
EAJren EBBko lehendakaria
«Trantsizioan eskuzabaltasun handia izan zen, baina inoiz ez Fragaren aldetik»
Iñigo Urkullu EAJko lehendakariak dolumina erakutsi du Fragaren heriotzagatik. Baina EAJklaudoriorik ez diola egingo adierazi zuen: «Euskal abertzaleok ez diogu gorazarre egingo». Urkulluren arabera, trantsizioan ez zuen borondaterik azaldu Fragak: «Trantsizioan eskuzabaltasun handia izan zen, baina inoiz ez Fragaren aldetik».
MARIBI UGARTEBURU
Ezker abertzaleko eleduna
«Frankismoaren lotura ez haustearen erantzule da»
Ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugartebururen ustez, «frankismoaren eta ondorengo erregimenaren arteko lotura ez haustearen erantzule» da Fraga.
PATXI ZABALETA
Aralarreko koordinatzailea
«Espainiaren erreforma okerrerako baldintzatu zuen»
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak adierazi du politikari frankista zela Fraga, eta «Espainiaren erreforma okerrerako» baldintzatu zuela. Zabaletaren iritzian, «Espainiako Konstituzioak demokraziaren azterketa ez gainditzearen arduradunetako bat da».
BAKARTXO RUIZ
Bilduko legebiltzarkidea
«Espainiaren historia beltzenaren ordezkaria da»
Bakartxo Ruiz Nafarroako Legebiltzarreko Bilduko parlamentariak dio «Espainiaren historia beltzenaren ordezkari» izan zela Manuel Fraga, eta Montejurrako eta Gasteizko hilketen «erantzule zuzena».
JUAN JOSE LIZARBE
PSNko parlamentaria
«Fraga demokratarakin geratzen naiz»
«Diktaduraren kolaboratzaile izan zen Fraga, baina gero bira eman zuen eta konbentzitu zen gauzak adostasun politikoz konpondu behar zirela. Fraga demokratarekin geratzen naiz».
JOSE MIGUEL NUIN
Ezkerra-ko parlamentaria
«Demokrazia ez diogu Manuel Fragari zor»
Ezkerrako Jose Migel Nuinek nabarmendu du Manuel Fragak gaitasuna izan zuela Franco hil ondoren «eskuina demokraziara eramateko». Hala ere,Espainian demokrazia diktaduraren aurka borrokatu ziren pertsonengatik dagoela dio, ez Fragarengatik.
ANTONIO BASAGOITI
EAEko PPko presidentea
«Fragak Espainia hobetzea,eta muturreko pentsaerak gutxitzea lortu zuen»
EAEko PPko lehendakari Antonio Basagoitiren ustez, Espainiako eskuinak balio demokratikoak onartzea Manuel Fragari esker lortu zen. «Fragak Espainia hobetu zuen, eta muturreko gutxiago zeuden herrialde bat lortu». «Horregatik, Fragaren heriotza, PPrentzat eta Espainiarentzat galera handia da». Politika ere hobetu zuela uste du Basagoitik. Fraga politikari «eredugarritzat» jo du, berriz, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak.