Urriaren 24an, ostegunez, aterako dituzte Frankoren gorpuzkiak hobitik, 10:30ean. Hiru bat orduko lana izatea aurreikusten du Espainiako Gobernuak, eta ez da lekuko askorik izango: familiako kideak egongo dira, forentsea eta notario lanean Dolores Delgado Justizia ministroa. Horiez gainera, langileak besterik ez.
Hilkutxa berri bat eramango dute, litekeena baita lurpean dagoena ustelduta egotea, eta, gorpuzkiak batetik bestera aldatu ondoren, helikopteroz eramango dute handik Mingorrubioko kanposanturaino
Komunikabideak ezingo dira sartu Erorien Haraneko basilikan eta Mingorrubioko mausoleoan, eta, beraz, ezingo dute eman haren gorpua hobitik ateratzen duteneko irudi gertukorik, ez eta hura berriro hobiratzen dutenekorik ere. Espainiako Gobernua dena prestatzen aritu da asteburuan, eta Erorien Haraneko bisita guztiak bertan behera gelditu dira.