Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur eguerdian onartu du Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko lege dekretua. Dekretu honen bidez, 2007ko Memoria historikoaren legea aldatu dute, horrela, Francoren hezurrak handik atera ahal izateko.
Carmen Calvo Espainiako Presidenteordea atera da prentsaurrera dekretuaren nondik norakoak azaltzeko. Adierazi duenez, dekretuak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzako balioko du. "Francoren gorpuzkiak han egotea bikitimekiko errespetu falta da", gaineratu du Calvok, eta handik ateratzea memoria historikoan aurrera egiteko pausoa dela adierazi du. "Demokrazia ez da Francoren memoria goresten duen hilobi batekin bateragarria", gehitu du.
Calvok prentsaurrean azaldu duenez, datorren abuztuaren 31n egingo dute Ministroen Kontseiluan emango diote hasiera gorpuzkiak ateratzeko prozesuari. Berme guztiak beteko dituen prozesua izango da, eta familiak 15 egun izango ditu hezurrak jasotzeko. Familia hezurren kargu egingo ez balitz, Espainiako Gobernuak berak erabakiko du non hobiratu. Dekretuak 12 hilabeteko luzapena izango duela adierazi du, haren iritziz nahikoa denbora prozesu guztia egiteko.
Parlamentuaren eskaria
Dekretu bidez legea onartzeak polemika piztu du Espainiako zenbait alderdiren artean. Espainiako Gobernuak, ordea, dekretua erabiltzea hobetsi du auzia “ohiz kanpokoa” eta “premiazkoa” dela iritzita. Horretarako, 2017ko maiatzean Espainiako Kongresuak, Rajoyri Francoren gorpuzkiak ateratzeko egindako eskaria argudiatu du. Orduko hartan, eskariak ez zuen ezezko bozkarik jaso parlamentuan. Gainera, Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko egindako eskaerak alegatu ditu gobernuak.
2011n, Zapatero presidente zela, hamalau adituk txosten bat idatzi zuten adieraziz “zentzurik gabekoa” zela Francoen gorpuzkiak han egotea, Erorien Harana gerra zibilean hildakoentzat soilik zelako. Txosten horretan oinarritu da gobernua gaur onartuko duen dekretua idazteko.
Ministroen Kontseiluak dekretua onartu ondoren parlamentuari bidaliko dio, eta parlamentuak onartu beharko du ondoren ikasturte politikoa hastean. Iraila erdi aldean izatea espero dute. Gobernuak bermatuta dauka parlamentuaren onespena, Ciudadanos eta Alderdi Popularra ez bertze talde guztiak baiezkoa bozkatuko dutelako. Ciudadanos abstenitu egingo da, eta popularrek oraindik ez dute erabaki zer bozkatuko duten.
Alderdi Popularra eta Ciudadanos haserre
Asteartean aurreratu zuen Jose Guirao Espainiako Kultura Ministroak Francoren hezurrak ateratzeko lege dekretua gaur onartuko zela. Espainiako Gobernuak uztailean onartu nahi zuen baina Francoren sendiarekin izandako tirabira batzuen ondorioz atzeratu egin zuten. Francoren sendiak gorpuzkian handik atera ez daitezen Vaticanora joko duela adierazi du azken orduetan. Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek ere erabakia kritikatu dute. Popularrek, gainera, Espainiako Konstituzio Auzitegira joko dutela gaineratu dute. Bi alderdi horiek kexu dira, ez gorpuzkiak ateratzeagatik, hori egiteko prozeduragatik baizik.