memoria historikoa

Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko dekretua ostiralean sinatuko du Espainiako Gobernuak

Espainiako Kultura ministroak baieztatu du dekretu bidez egingo dutela, aste honetan. Bitartean, dagoeneko 600 inguru dira Francoren aldeko manifestua sinatu duten militar ohiak. Sinatzaileen artean daude Espainiako armadako buruzagi ohi bat eta Aireko Armadako buru izandako militar bat.

Erorien Harana. JAVIER LIZON,  EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Arantxa Elizegi Egilegor
2018ko abuztuaren 21a
07:18
Entzun

Jose Guirao Espainiako Kultura ministroak berretsi du gaur goizean Pedro Sanchezen gobernuak ostiral honetako ministro kontseiluaren bileran sinatuko duela Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko lege dekretua. Memoria Historikoaren legea moldatuko du dekretuak, eta horri esker atera ahal izango dituzte Francoren gorpuzkiak berak egotea nahi duen hobitik.

Guiraok esan du pauso historiko hori emateko modurik egokiena dela dekretuz egitea. Erabakia babestu egin nahi du gobernuak eta zehaztu du modu horretan saihestu egingo dituztela epaitegietan izan daitezkeen oztopoak, eta, hala, lehenbailehen aterako dituztela diktadorearen gorpuzkiak. Ministro kontseiluak dekretu hori onartu ondoren, Kongresura igorriko du. Horregatik, Espainiako Parlamentuak ikasturte politikoa hasi arte ezingo da ezer egin. Guiraok adierazi du Kongresuan ere pauso hori azkar ematea espero duela.

Espainiako Gobernuak uztailean nahi izan zuen dekretua onartu, baina Francoren familiarekin izandako tira-bira batzuen ondorioz atzeratu egin zen. Ostiral honetakoa izango da oporren osteko lehen ministro kontseilua.

Erorien Harana Madrilen dago. 1940 eta 1958 urteen artean eraiki zen Francoren aginduz. 1936ko gerran galtzaile atera zirenak esklabu gisara aritu ziren han lanean. Han daude ehortzita Francoren, Primo de Rivera diktadorearen eta 1936ko gerran bi aldeetan gudan izan ziren beste 33.872 pertsona, nahastuta.

Erorien Haranean ehortzita dituzten senitartekoen gorpuzkiak lortzeko lanetan ari dira familia asko. Cadreitan (Nafarroa) fusilatutako 52 errepublikarren gorpuzkiak ere bertan egon ziren. 1979. urtean ordea, urte luzetako borrokaren ondoren gorpuzkiak Nafarroara ekartzea lortu zuten fusilatutakoen senitartekoek. Gaur, 82 urte beranduago, omenaldia egingo diete Iruñeko kartzela zaharrean lehendabizi eta Cadreitan ondoren.

Francoren aldeko militar ohien zerrendak, gora

Bitartean, geroz eta gehiago dira Francoren alde manifestu bat sinatzen ari diren Espainiako militara ohiak. Abuztu hasieran zabaldu zuten komunikabideek dokumentuaren berri. Ordurako 181 ziren sinatzaileak. Gerora, hilaren 18an, Espainiako Defentsa Ministerioak ikerketa zabaldu zuen, testua babestu dutenen artean erretserban dauden hainbat militar daudelako. Ordea, horrek ez du Francoren aldekoek aldarria baretu, eta dagoeneko 600 inguru dira sinatzaileak, tartean daude armadaburu ohi bat edota Espainiako erregearen segurtasunaz arduratzen den armadako adarreko burua.

Errespetu eta kalte-ordain adierazpena Francisco Franco Bahamonde Espainiako soldaduari izenburu duen testuak goraipatu egiten du diktadorearen irudia eta zitaltzat jotzen du haren gorpua Erorien Haranetik ateratzeko egitasmoa. Sinatzaileek salatzen dute "mende erdiko historia ezabatzea" dela ezkerreko alderdien asmoa, eta "berradiskidetzearen sinbolo bat" suntsitu nahi izatea leporatzen diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.