Gaur 77 urte hasi zen gerra. Memoria historikoaren inguruan lanean ari diren taldeek ongi gogoan dute data, eta gaur ere gogoan izango dute. Hainbat elkarretaratze eta protesta egingo dituzte, 77 urte igaro eta gero frankismoak oraindik zigorrik jaso gabe jarraitzen duela gogora ekartzeko.
Esaterako, Gasteizen elkarretaratzea egin dute gaur, 20:00etan. Frankismoaren aurkako kereilaren aldeko Euskal Herriko plataformak antolatu du protesta. Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez leloarekin elkartu dira.
Maria Servini de Cubria epaileak Argentinan frankismoa ikertzeko ireki duen auziari babesa adierazi diote protestarekin. Gasteizko katedral berriaren aurrean egin dute. Francisco Franco diktadoreak kontsakratu zuen eliza hori, eta frankismo garaiko ezkutu bat du oraindik agerian.
Ahaztuak 1936-1977 taldeak ere antolatu ditu protestak eta elkarretaratzeak, Bilbon. 12:00etan, R. Sanchez Mazas pasealekuan elkartu dira. Taldeak salatu du leku horretan badela plaka bat, Sanchez Mazasen oroigarri. Falange Españolako kide eta 1939tik 1941era gobernu frankistako kide izan zen Sanchez Mazas.
Taldeak gogora ekarri du Sanchez Mazasen semea, Rafael Chicho Sanchez Ferlosio, pentsalari eta musikari antifrankista izan zela. "Horrek nabarmentzen du inork ez dituela zertan oinordetzan hartu bere aurrekoen balio faxistak". Sanchez Ferlosioren kanta entzunaldia egin dute eguerdian, udalari berriro ere eskatzeko Sanchez Mazasen kaleari izena aldatzeko.
Bestalde, 19:00etan elkarretaratzea egin du taldeak. Moyua plazan, Espainiako Ogasun Ministerioaren egoitzaren aurrean, elkartu dira. Eraikinak goiko zatian agerian du ezkutu frankista bat, Ahaztuak taldeak sarritan eskatu duena bertatik kentzeko.