Frankismoaren lehen urteetan, 1939 eta 1942 artean, Oiartzunen (Gipuzkoa) gatibu lanak egiten eduki zituzten ehunka pertsonari omenaldia egingo diete, Oiartzunen bertan, maiatzaren 19an. Kattin Ttiki elkarteak antolatu du omenaldia.
Ikerketa luzea egin du elkarte horrek. 1936ko gerrari buruzko informazioa bilatzen hasi zen hasieran; baina gero frankismo garaiko errepresioari buruzko datuak biltzen hasi zen, eta hain ezagunak ez diren datu eta kontuak bildu ditu azken urteetan.
Kontu horietako bat da gatibu batailoiena. 1939tik 1942ra, hiru errepide eginarazten eduki zituzten milaka pertsona in: Arkaleko errepidea egin zuten, baita Aiako Harriko bidea ere, eta Oiartzundik Lesakara Aritxulegitik doana. Lesakan, Irunen, Lezon, Pasaian, Errenterian eta Oiartzunen, 12.500 preso inguru aritu ziren lanean Langile bataloietan, lau urtez.
Oiartzungo udaletxean bertan eta Madrilgo kontu auzitegien artxiboan aurkitu dituzte datuak, eta batailoi haien historia berregin ahal izan dute; testigantza eta lekukotza batzuk ere badira, baina gaia oso ezkutuan egon dela eta "berandu" heldu ote diren kezka agertu dute elkarteko kideek.
Batailoi haietan lanean aritu zenetako bat Gillermo Aizpuru azpeitiarra da. Hari esker lortu ahal izan dute informazio gehiago. Maiatzaren 19an omenaldian izango da Aizpuru.
Langileei tratu bidegabea ematen zietela jakin ahal izan dute Aizpururen lekukotzaren bidez. Oiartzun aldean lanean eduki zituzten haietatik, zortzi preso fusilatu egin zituzten. Beste asko goseagatik, gaixo eta baldintza kaskarrengatik hil ziren.
Dokumental bat ere grabatzen ari dira jasotako informazioarekin. Oiartzungo udaletxean izango da ekitaldia, 11:00etan. Ondoren, Oiarztungo hainbat txokotan panelak ere jarriko dituzte. Basarri bertsolaria bataloi haietan izan zen, eta baditu makina bat bertso gaiaren inguruan. Bertso horietako batzuk kantatuko dituzte omenaldian.