Frankismoak eragindako biktima "guzti-guztiak" gogoan hartu eta abenduaren 14an omenaldia egingo die Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako bere egoitza nagusian. Alderdi politiko eta sindikatu guztiak eta kultura, sexu identitate, hizkuntza eskubide eta frankismoaren biktimen senideen elkarteak gonbidatu ditu Diputazioak ekitaldi irekira.
Marina Bidasoro Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikorako zuzendariak eman du ekitaldiaren berri, gaur eguerdian, Donostian. Frankismoko biktimek oraindik ez dutela "merezitako aitortzarik" jaso, eta haien "kontakizuna isildu" egin dela ohartarazi du Bidasorok.
Espainiako diktadura ezarri zenetik 75 urte bete dira aurten, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da abenduaren 10ean. Urteurrena eta data hori aintzat hartuta antolatu dute hilaren 14ko ekimena.
Frankismoa eskubide sindikalen, politiko eta zibilen, hizkuntza eskubideen, adierazpen askatasunaren eta, orobat, eskubide ugariren urraketan oinarritu zela oroitarazi du Bidasorok. Frankismoak aniztasunaren kontra egin zuela eta, beraz, omenaldian aniztasun hori islatu nahi dutela ere nabarmendu du.
18:30ean izango da ekitaldia. Pako Etxeberria auzi mediku eta hobi komunen ikertzaileak eta Josu Chueca historialariak hartuko dute hitza; hildakoez eta desagertuez eta eskubideen urraketaz ariko dira, hurrenez hurren.