OROIMEN HISTORIKOA

Frankismoaren biktimei aitorpena egin die Urkulluk

Frankismoaren biktimen "zutitzeko eta aurrera egiteko" gaitasuna goraipatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, "ikasgai historiko ederra" eman dutelako.

Frankismoaren biktimak aitortzeko ekitaldi instituzionala Eusko Jaurlaritzak antolatuta Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 14a
14:47
Entzun

Frankismoaren biktimei erakundeen aitorpena eskaintzeko, ekitaldia egin dute Donostiako Zuloaga plazan. Memoria historikoaren arloko elkarteak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeen ordezkariak izan dira bertan, eta gogoeta egin dute erresilientziaren balioari buruz; alegia, kaltea jasan ondoren biktimek indarberritu eta aurrera egiteko duten gaitasunaz.

Iñigo Urkulluk bere egin du jardunaldiaren helburuetako bat, frankismoaren biktima guztiak aintzat hartzearena, eta elkartasuna adierazi die "bidegabe" sufritu zutelako. Gainera, belaunaldi horien ahalegina nabarmendu du, "gure balioak eta printzipioak defendatzeagatik sufriarazi zieten arren" gai izan zirelako "zutitu eta aurrera begiratzeko", eta "irakasgai historiko ederra" eman dutelako hala. 

1936ko gerrako eta frankismoko bizi baldintzei aurre egin zieten emakumeei ere aitortza egin die Urkulluk: "Erantzun eraikitzailea eman zuten, eta orain garena, neurri handi batean, haiei zor diegu; gure amek eta amonek haize kontra egindako lanari".

Ekitaldi instituzionala hasi aurretik, Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek hasiera eman dio parte hartzearen atalari. Mahai inguruak antolatu dira, parte hartzaileek gai horiei buruzko iritzia emateko. Jasotako ekarpenekin, dokumentu bat prestatu eta Eusko Jaurlaritzaren Irekia.euskadi.eus webgunean argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.