Fusilamendu, kartzelatze eta beste hainbat zigorrez gainera, erregimen frankistak bestelako jazarpen mota bat ezarri zien 1936ko gerra galdu zutenei: jazarpen ekonomikoa. Hala, errepublikazaleen aurkako enbargoak, ondasunen besterentzea eta diru zehapenak ohiko bihurtu ziren gerra garaian, baina baita diktadurapean ere. Jazarpen hori azaleratzeko ahalegina egin du Nafarroako Gobernuak, 1936. eta 1966. urteen arteko errepresio ekonomikoa pairatu zutenen errolda onduta.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak aurkeztu du egitasmoa gaur goizean. Nafarroan bizi diren 1.012 gizon eta 74 emakumeren aurka Ondasunen Konfiskaziorako Probintzia Batzordeak eta Nafarroako Erantzukizun Politikoen Eskualde Auzitegiak hasitako espedienteen datu pertsonalak eta gertaera nagusiak jasotzen dira errolda horretan.
Kontseilariak adierazi duenez, «Nafarroako Gobernuak beste urrats bat egin du memoriaren politika publikoen konpromisoan, erregimen frankistak inpunitatez gauzatutako giza eskubideen bortxaketa larrien biktimek eskubidea baitute egia jakiteko». Ollok gaineratu du errolda «kontsulta tresna garrantzitsua» izanen dela, bai militar kolpisten indarkeria ikertu nahi dutenentzat, baita jazarriak izan zirenen familientzat ere. «Errolda honek gordin-gordinean erakusten du nola jardun zen frankismoa garaituekin, enbargo, zehapen eta izapide motelen bidez, eta zigor larriak ezarri zizkien jada beste errepresio mota batzuk jasan zituzten ehunka pertsonari».
Espainiako Kongresuan tramitatzen ari den Memoria Demokratikoaren lege proiektua ere aipagai izan du Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Haren irudiko, «aukera paregabea da» zigor eta kondena frankisten baliogabetze formala gainditzeko: «Biktimei ordain ekonomikoa emateko formulak diseinatu behar dira, aintzatespen eta aitortza pertsonalaren esparruaz harago».
Indarkeria «ezezaguna»
Ollorekin batera, aurkezpenean parte hartu dute Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari Josemi Gastonek eta Institutuko Dokumentazio Zentroko arduradun Cesar Layanak. Gastonek azaldu duenez, errepresio ekonomikoaren inguruan eginiko ikerketa bat erabili dute errolda garatzeko. Zuzendariak gogorarazi du errepresio ekonomikoa «matxinatuen indarkeriaren beste forma bat» dela: «Indarkeria mota ezezagunenetako bat». Hain zuzen, jazarpen mota horren gainean informazio gutxi dagoenez, dei egin die halako zigorren frogak edo agiriak dituztenei, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jar daitezen, [email protected] helbidearen bidez Ikerketa lerro horretan sakonduko dutela iragarri du Gastonek, «zigor ekonomikoen arrastoa sakonago ezagutzeko eta espoliazio praktikekin zerikusia izan dezaketen jabetza-aldaketak ikertzeko».
Jazarpen ekonomikoak «hamaika aurpegi» izan zituela gaineratu du Layanak: «Harrapaketaren, konfiskazioen eta isunen forma hartu zuen, hasieran, eta geroago, legezkotasun itxura eman nahi izan zioten, 108. dekretuaren eta Erantzukizun Politikoen Legearen pean irekitako espedienteen bidez». Erroldan jasotako errepublikazaleei, esate baterako, ia 50 milioi pezetako zigor ekonomikoak ezarri zizkieten [300.000 euro], eta horrek «kalte ekonomiko oso larria» eragin zien. Fitxa pertsonal bakoitzean espedienteak, epaiak, errekurtsoak edo indultuak, besteak beste, kontsultatzeko iturriak eta artxiboak zehazten dira.
Errolda ikusgai dago Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean: https://pazyconvivencia.navarra.es/eu/memoria/errepresio-ekonomikoaren-errolda helbidean.