Frankismoaren sinboloak ezabatzea, memoria historikoa berreskuratzeko lanean jarraitzea eta udalak frankistei emandako ohorezko izendapenak kentzea erabaki du Gasteizko Udalak. Aho batez hartu du erabakia osoko bilkurak, PPren, PSE-EEren, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Idoia Garmendia PPko zinegotziak ere "gaitzetsi" egin ditu "frankismoaren krimenak".
Frankismoaren biktimen plataformak prestatu du mozioa, eta oposizioko alderdiek aurkeztu dute. PPk ere bat egin du bozketan. Nolanahi ere, udal gobernuak nabarmendu du kale izendegitik frankismoaren ondorengoen arrastoak ezabatuak daudela Gasteizen.
Testuan adostutakoaren arabera, lantalde bat sortuko du udalak, frankismoaren arrastoak ikertzeko eta biktimen memoria berreskuratzeko. Proposamenak ere jasoko ditu txosten horrek.
Mozioak erabaki zehatzagoak ere badakartza. Santa Isabel hilerriaren atzealdeko horma txukundu eta hobeto seinalatuko dute —frankistek han egin zituzten fusilatze asko—. Karmeliten komentua —kartzela izan zen gerra garaian— eta Bakea kaleko kartzela ere memoria historikoarentzat berreskuratzeko eskatu dute testuan.
Frankismoko biktima guztien zerrenda ofiziala egitea eta udaleko langile errepresaliatuen izenak eraikin ofizialean plaka batean jartzea ere zehaztu dute mozioaren bidez.