Bilboko Diputazio jauregian ez dute ipiniko Javier Ibarra eta Augusto Unzeta frankismo garaiko ahaldunen omenezko plakarik. Bizkaiko Batzar Nagusiek PPk eginiko eskaera atzera bota zuten atzo Gernikan; proposamenak PSE-EEren babesa besterik ez baitzuen jaso.
Ibarrak eta Unzetak garrantzi handiko karguak bete zituzten Frankoren erregimenean, eta 1977an ETAk hil zituela argudiatuta aurkeztu zuen eskaera PPk. Alderdia ez da ados agertu hartutako erabakiarekin, «gizon zintzo eta herriaren zerbitzari onak» ez omentzeak ETAren estrategiarekin bat egitea dakarrela adierazi du; hau da, «terrorismoaren biktimak ahaztea».
PSE-EEk, «balorazio moraletan sartu barik», bi biktimen errekonozimenduaren alde besterik ez duela egin azpimarratu du.
Ahaldun faxisten oroigarriak
Jon Andoni Atutxa EAJko ordezkariak Batzar Nagusietako bilkuran gogorarazi duen bezela, Diputazio jauregian badira jada Ibarra eta Unzeta gogoan dituzten oroigarriak; argazki bat lehenengoaren kasuan, eta oroimen plaka bigarrenarenean, hain zuzen ere. Atutxak PSE-EEri Biktimen Legearen erreformaren aurka joatea leporatu dio; giza eskubideen aurkako jarrerak izan zituzten biktimak ez omentzea adostu baitzuten orduan.
Bestalde, EBk, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak ere PPren eskaeraren kontra bozkatu dute. Joan den maiatzean onartu zuten Bizkaiko sinbolo faxistak kentzearen aldeko proposamena, eta horren erantzun gisa kokatu dute oraingo hau. Alternatiba ere leku publikoetan erregimen faxistaren ikurrak egotearen aurka azaldu da.
Ahaztuak elkarteak ere begi onez ikusi du proposamena atzera bota izana: «Bi frankista hauen plakak ezartzea biktima guztien oroimenari iseka egitea izango litzateke, memoria historiko antifaxistari burla egitea». Ahaztuak-ek gaineratu duenez, PPren proposamena «gizartea ikur antifaxisten aurkako borrokan ari den garaian» dator.
Frankismoko bi ahaldunen plakak jartzea errefusatu dute Bizkaian
Diktaduraren alde lan egiten zutela argudiatu dute alderdiek; PPk eta PSEk ezik, aurkako boza eman dute denek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu