Denbora da Argentinan frankismoko krimenen aurkako kereila jarri zutenak deklarazioa ematen ari direla auzitegian —joan den astean bertan deklaratu zuen Bilbon Luis Ortiz Alfauk—, baina horiek eteteko bidea zabaldu nahi du orain Espainiako Fiskaltza Nagusiak.
Jarraibide bat zabaldu du fiskaltzak, esanez bertan behera geratu behar direla deklarazio hartze horiek. BERRIAk eskuratu du jarraibide hori. 1977ko amnistia legea du argudiotzat: ikertzen ari diren delituak iraungita daudela esan du. Auzia Argentinan ikertzearen aurka ere mintzo da. “Espainiako herritarrek Espainian espainiarren aurka egindakoak dira, eta, beraz, Espainiako jurisdikzioaren eskumenekoak lirateke, ez Argentinakoak”.
Deklarazio hartze bat eten dute jada fiskaltzaren aginduaren ondorioz. Atzo zen deklaratzekoa PCE Espainiako Alderdi Komunistako idazkari ohi Gerardo Iglesias, Asturiasen. Fiskalak aurkako irizpidea agertu zuen, ordea, eta epaileak eten egin zuen deklarazio hartzea, harik eta fiskaltzaren ikuspegiari buruz erabaki arte.
Hain justu ere, BERRIAk auzitegietako iturrietatik jakin duenez, Espainiako Fiskaltza Nagusiaren jarraibideak atzo bertan jaso zituzten herrialdeetako fiskalburuek. Kontuan izatekoa da fiskalek organigramaren arabera funtzionatzen dutela, eta, beraz, Madrilen aginduak bete beharrekoak dituzte. Hori bai, fiskala deklarazio hartzeen aurka agertzeak ez du esan nahi deklarazio hartze guztiak bertan behera geratuko direla: epaile bakoitzak erabaki behar du fiskalaren ikuspegia aintzat hartu edo ez.