Pedro Estonbak eta Aitzol Azpirozek Donostiako epaitegian deklaratu dute gaur, Maria Servini epaile argentinarrak frankismoa ikertzeko abiatu zuen auzian hala eskatuta. Jose Ariztimuño Aitzol-en ondorengoa da Azpiroz, eta Estonba torturen biktima izan zen 1971n Donostiako polizia etxean. Biak ere gustura agertu dira deklaratu ostean, eta azpimarratu dute espero dutela gaurkoa lehen pauso bat izatea justizia egiteko bidean. Frankismoko agintarien "inpunitatea" amaitzeko eskatu dute.
Azpirozek gaineratu du espero duela gaurkoaren ondoren Aitzolen gorpua aurkitu ahal izatea. "Askatu egin zuten; desagertu zen; badakigu fusilatu zutela eta espetxean torturatu zutela. Suposatzen zen Hernaniko hilerrian zegoela gorpua: izenik gabeko hilobi batean lehenik; hizki batzuk zituen hilobi batean gero; eta izena zuen batean azkenik. Baina hor ez dago Aitzol", adierazi du. Penatuta agertu da, gaur BERRIAn adierazi duen bezala, urteetan okerreko lekura eraman dituztela loreak senideek eta euskal kultura maite dutenek.
Hitzorduarekin batera hainbat eragilek bilkura egin dute epaitegien atarian, besteak beste, EAJk, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik. Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere izan da, eta hedabideei esan die oinarrizkoa dela erreparazioa, memoria eta justizia frankismoko biktimentzat "bakea eta elkarbizitza oinarri sendoetan egoteko". Donostiako EH Bilduk adierazpen bat aurkeztu du udalean Azpirozi eta Estonbari babesa emateko: "Memoria osoa berreskuratu nahi dugu benetako bakea eta elkarbizitza lortzeko".