Lau Haizetara Gogoan elkartearen foroak lau mahai-inguru eta hiru ardatz izango ditu: nazioarteko legedia, barneko legedia –Amnistia Legea– eta egiaren batzordea sortzea eta aurrera eramatea ahalbidetuko lukeen lan metodologia zehaztea. Azaroaren 17an egingo da foroa, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. "Hagako Nazioarteko Auzitegira iritsi nahi dugu", adierazi dute.
Antolatzaileek salatu dute kaltea konpontzeko eta aitortzeko ekimenak omenaldietara eta liburuetara mugatu direla orain arte, eta memoria historikoaren politika publikoetan koordinazio falta sumatu dute. BERRIAk bihar papereko edizioan argitaratuko duen erreportajean antolatzaileek diote 1977ko Amnistiaren Legean dagoela gaur egungo egoeraren arrazoia.