MEMORIA HISTORIKOA

Frankismoko krimenen aurkako manifestua sinatu dute hainbat udalek Iruñean

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako nahiz Espainiako udal ordezkari zenbaitek. Frankismoko arduradunen aurka auzitara jotzeko borondatea agertu dute denek.

Iruñea, Gasteiz, Coruña, Zaragoza, Rivas eta Bartzelonako udaletako ordezkariak, fusilatuen omenezko oroitarriaren ondoan. IRUÑEKO UDALA
Ion Orzaiz.
2016ko urriaren 27a
08:02
Entzun

Iruñea, Gasteiz, Bartzelona (Herrialde Katalanak), Rivas (Espainia), Zaragoza (Espainia), Coruña (Galizia) eta Cadiz (Espainia) hirietako alkateek eta udal-ordezkariek bat egin dute Iruñeko Ziudadelako arma aretoan, "Egia, justizia eta ordaina... Orain!" izeneko manifestua izenpetzeko.

Frankismoko krimenen aurkako kereilak aurkeztuko dituzte udal hauek guztiek, eta lan hori koordinatzeko nahiz esperientziak partekatzeko lehen biltzarra egin dute gaur goizean Kondestable jauregian. Espainiako Estatuko udalerrien artean egiten den gisa honetako lehenbiziko hitzordua izan da gaurkoa (bideoa: Argazki Press).

[Youtube]https://youtu.be/N72TOJ6w1go[/Youtube]

Manifestua sinatzeko ekitaldian, honako ordezkari politikoek hartu dute parte: Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Pedro Santisteve Zaragozako alkatea eta Xulio Xosé Ferreiro Coruñako alkatea. Horiez gain, agiria sinatu dute Bartzelonako Herritarren Eskubideetako, Partaidetzako eta Gardentasuneko alkateorde Jaume Asens, Cádizeko lehen alkateorde Martin Vila, eta Rivasko Alkatetzako aholkulari Manuel Castro ere. Madrilgo alkateordearen kabineteburu Enrique Lopez ere egon da ekitaldian, egitasmoari sostengua ematen, baina sinatzeko ahalmenik gabe.

Manifestua zabalik dago beste herri eta hiri batzuen atxikimendua jasotzeko

1936ko estatu kolpean nahiz frankismoan hildakoentzako, jazarpena pairatu zutenentzako eta horien senideentzako "egia, justizia eta ordaina" aldarrikatu dituzte agiriaren sinatzaileek. "Ehun milatik gora fusilatu eta desagertuei gehitu behar zaizkie milaka eta milaka lagun erbesteko bidea hartzera behartuak, esklabotasun baldintzetan bortxazko lanak egitera makurtuak, emakume atxilotuak, torturatuak edo zeini seme-alabak kendu zizkietenak”, dio manifestuak.

Tokiko erakundeen arteko loturak sendotzeko konpromisoa hartu dute udaletako ordezkariek, “azken hamarkada hauetako inpunitatea amaiarazteko”.

Frankismoko krimenen aurkako auzibideari ekiteko aukerak aztertu dituzte parte hartzaileek, eta zeregin horretan, Argentinako Kereilaren aldeko Estatuko Koordinakundeko abokatu den Carlos Slepoyren laguntza izan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.