Lehenengoz kontatu zituen auzitegian atzo Felix Padinek frankismo garaian bizitakoak. CNT Espainiako Lanaren Konfederazio Nazionaleko sindikatuko kidea da 13 urte zituenetik —orain 98 ditu—, eta frankismo garaian bizitakoaren testigantza eman du Miranda Ebron (Burgos, Espainia). Justizia eskatu du. Bere adierazpenek «zerbaitetarako» balio izatea espero du; haren ustez orain arte historiak alde baten ikuspegia bakarrik kontatu du, eta adierazi du hori ez dela «bidezkoa».
Frankismoaren krimenen euskal plataformak babesa azaldu dio Padini; baita CNTk ere. «Emandako testigantzarekin, lehenengoz, ohore egingo zaie oraindik arroiletan lurperaturik jarraitzen dutenei» adierazi du sindikatuak. Azaldu dute, Padinek kontatutakoak ahotsa ematen diela «estatuaren terrorismoa jasan zuten milaka lagunei». Azaldu dute, tamalez, «biktimen kategoria desberdinak» daudela, eta Espainiako Gobernuaren errepresioa jasaten dutenak oraindik ere badaudela; baina orain «demokrazia faltsu» batekin estaltzen direla errepresio horiek. «Militar eta polizia hiltzaileak babesten dira», esan du sindikatuak.
Urteak pasatu diren arren, Padinek azaldu du«atzo gertatu balitz bezala» gogoratzen duela jasandakoa. 1937. urteko ekainaren 16an hartu zuten preso. Urte hartako abenduaren 18an eraman zuten aurrenekoz Miranda Ebroko kontzentrazio esparrura. Garai latzak izan ziren Padinentzat. Jateko gutxi izaten zutela gogoratu du, eta askotan gosez egoten zirela. Gaixotasunak ere ohikoak izaten ziren orduan, eta asko hiltzen ziren. 1939. urtean aske utzi zuten, eta Bilbora itzuli zen. Baina gutxi iraun zion askatasunak; hilabete geroago, berriz ere Miranda Ebroko kontzentrazio esparrura bidali zuten.
Kontzentrazio esparruez gain, lan batailoietara ere bidali zuten Padin, eta azaldu du bertan gatibu zeudenak preso moduan hartzen zituztela frankistek. 1940an, behartuta eraman zuten Igari eta Bidankoze (Nafarroa) arteko errepidea eraikitzera. Orduan bizitakoak ere ondo gogoratzen ditu. «Askotan ez zegoen jatekorik». Kontzentrazio esparruan zeudenak egun osoan aritzen ziren lanean, goizean hasi, eta gaua iritsi arte.
Justizia, Argentinatik
«Errepublikaz geroztik, ez dut Espainiako justizian sinesten», nabarmendu du deklarazioa egin ondoren. Hala ere, itxaropena ez duela inoiz galdu, eta orain ere ez duela galtzen. Frankismoan pairatutakoak kontatzeko beharra sentitzen duela adierazi du.
36ko gerrako eta ondorengo frankismoko krimenak ikertzen ari den Maria Servini Argentinako epailea joan den maiatzean izan zen Euskal Herrian. Testigantzak biltzen aritu zen. Epaileak Padinen lekukotza hartu nahi zuen, baina ospitaleratuta zegoen. Hala ere, Servini epaileak eskatu zion senda-agiria hartutakoan deklaratzeko. Azkenean, Miranda Ebroko auzitegian deklaratu zuen atzo.
Frankismoko krimenak Argentinako epaitegietan ari dira ikertzen, 2010eko apirilaz geroztik. Frankismoak iraun bitartean, Espainian desagertutako 113.000 pertsonen senideek jarri zuten salaketa, eta horrek ahalbidetu zuen Servini epaileak Francisco Franco diktadorearen garaian hildakoen inguruko informazioaren eskaera egitea. Francoren agindupean genozidio «politiko, sozial eta kulturala» egiteko plan bat abiarazi zutela esan zuten orduan kereila jarri zuten senideek, eta, gizateriaren aurkako krimena zelakoan, justizia unibertsalaren printzipioan oinarritu ziren Argentinako justiziarengana jo ahal izateko. CNT sindikatuak ere hala salatu du: «Faxismoaren biktimek Argentinako epaitegietara jo behar izan dugu eskatzeko Espainiak aztertu nahi ez duena aztertua izan dadila».