OROIMEN HISTORIKOA

Frankista "kutunik" ez Nafarroan, 41 urteren ondoren

Urtebete pasako atzerapenarekin baliogabetu ditu Nafarroako Diputazioak 1939an, 1969an eta 1974an hartutako erabaki batzuk, 2013ko azaroan onartu baitzuen Nafarroako Parlamentuak biktimak oroitzeko legea. Legeak txosten ekonomikorik ez izanari egotzi dio Javier Morrasek atzerapenaren ardura.

Lore eskaintza Sartagudako Memoriaren Parkean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko otsailaren 13a
15:05
Entzun

Javier Morras Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariak agerraldi bat egin du Nafarroako Parlamentuak, Ezkerrak eskatuta, 1936ko biktimak gogoratzeko legearen betetze mailaren berri emateko.

Morrasek jakinarazi du Nafarroako Gobernuak baliogabetu egin dituela 1939an, 1969an eta 1974an Nafarroako Diputazioak hartutako erabaki ugari; horien arabera, Nafarroako seme kutun izendatu zituzten Frankismoko hainbat ordezkari.

Nafarroako Gobernuak "borondate osoa" du 1936ko gerrako biktimen legean jasotakoak beteteko, "eta lehenago edo beranduago beteko ditu", Morrasen esanetan. Aitzitik, esan du arau horrek "akats larri bat" duela, memoria ekonomikorik gabe sortu zutelako; horrek "modu larrian zaildu du bere betetzea", gaineratu du.

Gainera, bete diren puntuetako batzuk aipatu ditu Morrasek: besteak beste, memoria historikoaren inguruan koordinaziorako batzorde teknikoa osatzea, Nafarroako hobien mapa berritzeko lanekin jarraitzea eta Iruñeko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzea, 1936ko gerrako biktimen erreklamatu gabeko arrastoak hobiratzeko.

Halaber, Sartagudako Udalarekin lanean ari da gobernua, Oroimenaren parkea finantzatze aldera akordio bat egiteko. Morrasek aitortu du legea betetzeko neurriak "agian" ez doazela "denek nahiko luketen abiaduran".

Legearen "kostu urria"

Txema Mauleon Ezkerrako parlamentariak ihardetsi dio ekonomikoki legea betetzeak duen kostua "murritza" dela beste edozein gastu publikorekin alderatuz gero. UPNko parlamentari Javier Caballerok, berriz, Morras zoriondu du egindako lanagatik, eta salatu du Ezkerrari egiten den oro "gaizki eta berandu" irudituko zaiola.

PSNko parlamentari Pedro Rascon pozik azaldu da Nafarroako Gobernua legea betetzen ari delako, "baina egia da berandu ari dela". Gainera, Morrasi ohartarazi dio "ia ezinezkoa" dela oposizioak memoria ekonomiko bat egitea.

Bilduko bozeramaile Victor Rubiok uste du memoria historikoari buruzko batzorde teknikoa dela legea betetzea dinamizatu behar duen erakundea, eta gogorarazi du batzorde hori behin baino ez dela elkartu: "Gobernuak ez du erabateko borondatea legearen konplimenduan aurrera egiten jarraitzeko". Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko parlamentariak informazioa eskatu du Sartagudako parkearen lursailen jabetzaz.

PPNko Eloy Vilanuevak, berriz, adierazi du ez duela lege hori gustuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.