Jesus Valenciak kantatzen du, Alto de Loiti izeneko kantuan: "Aitonarekin zihoan behin gure aita, Zangotzara gatza saltzera, horixe zen haiek eusten zituena. Loitiko gainera iristean, heriotza lantuak entzun zituzten". 1936ko altxamendu faxistaren ondoren, gutxienez 69 lagun fusilatu zituzten frankistek Loitiko gainean, Ibargoitin (Nafarroa). Gaur, eskultura bat inauguratu du gain hartan. Mikel Iriartek egindako obra da, egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko.
Hildakoen ondorengo eta herritarek ez ezik, inguruko udaletako ordezkariek hartu dute parte, besteak beste. Zangotzako, Burlatako, Kasedako, Andosillako, Karkarko, Oibarko, Urraulbeitiko udalek eta memoriaren aldeko lanean ari diren hainbat elkartek antolatu dute ekitaldia, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
"Zerrendetan egon behar ez zuten pertsonak dira, hiltzaileen zerrendetan egon behar ez zutenak", adierazi du antolatzaileetako batek. Fusilatutakoak ez ezik, haien alargunak ere omendu nahi izan dituzte, dolu egoeran ere familiak aurrera ateratzeko egindako lanagatik. "Askatasuna eta ideal batzuk defendatzeko" hil zirela oroitarazi du, gainera, Oibarko Udalak.