Lurralde antolaketa

Frantzia 13 eskualdetan banatzen duen mapak lehen urrats nagusia gainditu du

261 diputatu alde, 205 kontra eta 85 absteniturik, Lurralde Erreformaren lehen irakurketa onartu du Asanbleak, eta, beraz, Frantziako Estatua 13 eskualdetan banatzen duen mapa. Senatuak udazkenean bozkatuko du.

Onartu den egitura. BERRIA
2014ko uztailaren 24a
12:33
Entzun

Asanblearen erabakiak Poitou-Charentes eta Limousini lotzen dio Akitania. Baina Ipar Euskal Herriko zenbait diputatu eta senatarik segitzen dute kontrako lanean. Legea Senatura joanen da udazkenean. Horiek hala, irailean abiatuko dute Akitania Midi-Pyrenees eskualdeari lotzea aldarrikatzeko kanpaina bat.

Agiriaren lehen artikuluaren arabera, eskualdeak 22tik hamahirura murriztuko dituzte, horietako anitz batuta: Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes batzearen ondorioz sortutako eskualdearen parte izango litzateke Ipar Euskal Herria, 5,8 milioi bat biztanleko eskualde batean —Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 285.000 lagun bizi dira—.

Horiez gain, onartutako agiriak aurreikusten duenez, bat egingo dute Nord-Pas-de-Calais eta Picardiek, Champagne-Ardennek, Alsaziak eta Lorrenak, Auverniak eta Rhone-Alpeek, Borgoinak eta Franche-Comtek, Languedoc-Roussillonek eta Midi-Pyreneesek, eta Normandia Garaiak eta Normandia Behereak.

Bere horretan geratuko dira Bretainia, Korsika, Ile-de-France, Centre, Pays de la Loire, eta Provence-Alpes-Cote-d’Azur. Frantziako Gobernuaren hasierako ideia hamalau eskualdetara pasatzea zen.

Kexa ugari eragin ditu erreformak, Euskal Herrian nahiz kanpoan. Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialista Akitania Midi-Pyrenees eskualdearekin elkartzearen alde agertu da, beste zenbait diputaturekin, "koherentea" iruditzen zaiolako, "geografikoki, kulturalki eta ekonomikoki".

Kexu ozenenetakoak Bretainia aldetik entzun daitezke. Izan ere, berrantolaketa horren barnean, eskualde anitzen elkartzea dago jokoan. Naoned hiriburutzat duen Loire Bretainia Atlantikoari berriz ere lotzea eskatzen dute aspaldi honetan, Bretainia historikoa eskuratzeko gisan. Apirilean, hamar mila lagun bildu ziren horren alde Naoneden; ekainean, bost mila gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.