Politika

Frantzia eta Akitania ez datoz bat lurralde kontratuko eskaerekin

Jean Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidentea prest agertu da hitzarmena ez izenpetzeko. Euskara eta ekonomiaren alorrean izan dituzte desadostasunik handienak.

Irudian, Jean Rene Etxegarai, Alain Iriart, Frantxua Maitia eta Battitta Boloki, Hautetsien Kontseiluko bilkura batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2015eko uztailaren 25a
12:00
Entzun

Aitzina doaz Ipar Euskal Herriko lurralde kontratuaren negoziazioak, baina zailtasun nabarmenekin. Hain zuzen, Euskal Konfederazioak astelehenean iragarri bezala, Akitaniako Kontseilua eta Frantziako Gobernua uzkur ageri dira Hautetsien Kontseiluak egindako proposamenekin. Hala adierazi du Jean Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidenteak lurralde hitzarmenari buruzko bigarren bilera bururatu berritan. «Proposamenen zati bat ez dute aintzat hartu, bereziki euskara eta ekonomiaren arloan. Beraz, ezin dugu kontratua izenpetu. Irailean eginen dugu hurrengo bilkura, eta proposamen berriak espero ditugu estatuaren eta Akitaniaren aldetik».

Frantziako Gobernuak, Akitaniako Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Hautetsien Kontseiluak atzo egin zuten lurralde kontratuari buruzko bilkura, Baionako suprefeturan. Ipar Euskal Herriaren etorkizun hurbila baldintzatu dezakete negoziazio horiek. Izan ere, han erabakitzen ari dira 2020ra bitarte lurraldeko zein proiekturi emanen dieten dirua, eta zenbat. Aitzineko kontratua 2007. eta 2013. urteen arterako zen, eta orotara 340 milioi euro inguru eman zituzten partaideek. Orain negoziatzen ari direna 2014-2020 tarterako izanen da —berandu hasi dituzte negoziazioak—, eta baliteke diru gutxiago banatzea.

Garapenerako bideak

Hautetsien Kontseilua da negoziazioetan Ipar Euskal Herriaren ahotsa, baina Garapen Kontseiluak egin du aurretiko lana. Hain zuzen, hilabeteetan egindako azterketa bilkuretan —Ipar Euskal Herriko eragile anitzek parte hartu dute—, lurraldearen lehentasunak zein diren zehaztu dute. 200 proiektu inguru aurkeztu dituzte orotara, eta Garapen Kontseiluak 86 lehenetsi ditu, honako bederatzi ardatz hauek aintzat hartuta: goi mailako ikasketak, garapen ekonomikoa, mugikortasuna, Internet banda zabalaren hedapena, trantsizio energetiko eta ekologikoa, kultura, etxebizitza, hiri eta landa eremuen arteko oreka eta hizkuntz politika.

Hizkuntz politika da azken hilabeteotan eragileak bereziki kezkatu dituena. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) jasoko duen dirua zehaztuko du kontratuak, bertzeak bertze. Euskal Konfederazioak salatu du Akitaniak EEPren aurrekontua igotzea oztopatu nahi duela, eta atzoko bilkurak joera hori baieztatu du, Etxegarairen arabera.

Haren hitzetan, Departamendu Kontseilua Hautetsien Kontseiluaren norabide berean ari da lanean, baina bertze bi partaideak ez: «Arazoak estatua eta eskualdearen aldetik ditugu, eta konponbideak bilatu beharko dira». Gobernuak eta Akitaniak jarrera aldatu ezean, hitzarmena ez izenpetzeko prest agertu da Hautetsien Kontseiluko presidentea. «Bertze edozein lurraldek ukaiten duen laguntza bera jasotzeko baldin bada, ez dakit zergatik izenpetu behar genukeen. Ezin dugu egoera hau onartzen segi».

Ikusteko dago, beraz, irailean eginen duten bilkuran aldaketarik baden. Bitartean, Akitania eta Frantziari soilik dagokion CPER kontratua sinatua dute jada Manuel Valls ministroak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak. Ortzegunean izenpetu zuten, Bordeletik hurbil dagoen Latresnes herrian (Okzitania): 1,4 miliar euro ezarriko dituzte Akitania eskualde handirako. AHTaren aldeko diru laguntzak sartzen dira horretan, adibidez. Ipar Euskal Herriko kontratua, aldiz, aparte doa, Pays izeneko egiturari doakion hitzarmen berezia baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.