Okzitaniako Anza Kolektiboaren izenean Baionako prokuradorearen inkesta ikertu eta Anza kasuan egia osoa azaltzeko eskatu diote Michelle Alliot Marie Frantziako Justizia ministroari. Egia jakin arte lanean segituko dutela nabarmendu du Nakachek.
Baionako prokuradorearen inkesta ikertzeko eskatu dio Parisko GEEk Michelle Alliot Marie Frantziako Justizia ministroari. Zer erran nahi du erantzunik ezak?
Bi aldiz pausatu diogu galdera zuzenean. Frantziako Giza Eskubideen Elkarteak ekainean egin zion lehen galdera, eta urrian bigarrena. Ukaezina da Anzari buruzko ikerketa gaizki abiatu zela lehen unetik. Erakunde publikoen eginkizuna da, berriz, okerreko jokabideak zuzentzea eta argibideak ematea. Horrelakorik ez da gertatu. Bidezkoa da, beraz, eragiten duen kezka sakona adieraztea. Anza afera azkar eta sakon argitzeko borondatea duela erakutsi behar du estatuak. Gertaera oso larriak egon daitezke Anzaren desagertzearen gibelean, eta estatuari dagokio argitasuna ematea. Gure eskariak ez du erantzunik jaso, eta horrek arrangura eragiten du. Hori izan da Prefetari jakinarazi nahi izan dioguna. Gure kezka, gure ezinegona, bere egin behar du, larritasunak horrela eskatzen duelako.
Denbora anitz pasatu da Anzaren gorpua agertu zenetik Tolosan. Nolako sentimendua eragin du?
Kasuaren berri ukan duten guztiak zur eta lur daude. Ez dute ulertzen horren kasu larriari eman zaion trataera. Mingarria da erakutsi duten ezaxolakeria. Ezin da ulertu. Isiltasuna urratu behar du Alliot Mariek, eta argiki jakinarazi epaitegiak ikerketa abiatuko duela gertakari guztiak argitzeko. Ez dugu epaiketarik egiten. Ez dakigu zerk eragin duen heriotza. Baina kezka eragiten duen elementu nagusia hori da. Afera argitzeko egin behar zirenak ez dituzte egin. Kontuan harturik zein den Euskal Herriko egoera, kontuan harturik dauden aurrekariak, kezkatzeko arrazoi sakonak daude. Euskal Herriko ordezkariak gurekin egon dira Prefetarekin bildu garelarik, eta gogorarazi diote izan direla desagertzeak, bahiketak. Oroitzapen gaiztoak daude guztien gogoetan, eta orain artean erakutsi den axolagabekeria dela medio, mamu horiek berpiztu dira. Eta batzuek diote polizien arteko elkarlanari loturik dagoela Anzari gertatu zaiona. Gure kolektiboa osatzen duten partaideen iritziz, sobera goiz da horrelako adierazpen bat egiteko. Baina ezin dugu baztertu hipotesi hori, orain arteko inkestan zalantzak eragiten dituzten galdera ugari daudelako. Ikerketarik egon baldin bada, ez dute galderarik argitu, eta ez dute arrangura hori ohildu.
Orain arteko inkestak ez du balio gerra zikinaren hipotesia baztertzeko?
Baliteke inkestak frogatzea heriotza naturala izan dela, hori ez da gure lana, ikertzaileena baizik. Autopsian parte hartu zuten medikuek erran zuten heriotza naturala izan zela. Baina ez zuten argitu zerk eragin zion heriotza natural hori. Eta autopsia bat egiten baldin bada heriotza gertatu eta hamar hilabetera, egiazko arrazoiak aurkitzea biziki zaila izan daitekeela pentsatzeko arrazoiak egon badaude. Egin behar diren ikerketak biziki korapilatsuak dira, eta, oroz gain, jakin behar da zer bilatzen den. Jakin ezean, gerta daiteke egiazko arrazoiaren ondoan pasatzea. Inkesta batek balio izan du baztertzeko heriotza bortitzaren tesia, baina ez du argitu bortizkeriarik dagoen Anzari eman dioten tratuan. Neurtu nahi ditut hitzak, baina uste dut oso zaila dela susmo horiek baztertzea hamar hilabete beranduago egin baitute autopsia. Zergatik ez dute gorpua identifikatu hastapenean? Norbaitek bazekien nor zen? Norbaitek kasua isilpean gorde nahi izan du? Galdera ugari daude erantzun gabe. Galdera ikurrak dira nagusi gaur egun, eta jasanezina zaigu. Kasua larria da zinez, eta parean dagoen jarrerak kezkak suspertzen ditu. Frantziak egia osoa jakin behar du giza eskubideen sehaska dela aldarrikatu nahi badu.
«Frantziak Anza afera argitzeko borondatea duela erakutsi behar du»
Anza kasuan egia osoa azaltzeko eta Baionako prokuradorearen jarduna ikertzea eskatu du Nakachek Anza kolektiboaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu