AEBetako presidente Donald Trumpek iragarri zuenetik hidroxiklorokina hartzen ari zela koronabirusaren kontrako prebentzio gisa, hitzetik hortzera hedatu dira botika horren balizko onuren eta arriskuen inguruko informazioak. Orain, Frantziako Gobernuak erabaki du atzera egitea, eta hidroxiklorokina COVID-19ren kontrako sendabide gisa erabiltzea baimentzen zuen dekretua indargabetu du. Dekretu hori martxoaren bukaeratik zegoen indarrean.
Atzera egiteko arrazoia izan da The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa bat. Normalean malariaren kontra erabiltzen den botika hori 96.000 pertsonari eman ondoren, ikerlariek ondorioztatu dute heriotza eta bihotz arazoak izateko arriskua handitu egiten duela, eta ez erabiltzea gomendatu dute.
Lehenagotik ere zalantza handiak egon dira botika horren inguruan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak astelehenean iragarri zuen bertan behera utziko zituela horrekin egindako proba klinikoak, eta Frantzian ere zenbait erakundek, Osasun Publikoaren Kontseilu Nagusiak, kasurako, ohartarazi dute horren arriskuaz.