politika

Frantziak dio Arkaitz Agirregabiria dela astearteko tiroketako ustezko etakideetako bat

Polizia bat hil zen Paris ondoko gertaeran. Ustezko bost etakide Dammarie les Lys inguruko merkataritza gune batean ageri diren bideoa Interneten jarri du Poliziak.

2010eko martxoaren 19a
17:50
Entzun
Frantziako Poliziak gaur eguerdian jakinarazi du bere ustez Arkaitz Agirregabiria del Barrio direla astearteko tiroketan parte hartu zuten ustezko etakideetako bi. Dammarie les Lys herrian izan zen gertaera, Paris ondoan, eta Jean Serge Nerin polizia hil zen, sabelean tiroa jasota.

Espainiako Poliziak azaldu du beste kideetako bat Mikel Kabikoitz Karrera Sarobe dela, baina Frantziakoak dio hori baieztatu gabe daukala. Polizia iturrien arabera, Karrera 37 urteko iruindarra da ETAko buruzagi militar berria.

2005eko uztailean Derion PSE-EEko egoitzaren atarian lehergailua jartzea egozten diote Agirregabiriari (27 urte). Ez zen lehertu.

Joseba Fernandez Aspurz ustezko etakidea atxilotu egin zuen Poliziak, hantxe, eta gutxienez beste sei lagun dira topatu eta atxilotu nahi ditu, eta identifikatuta dituela zabaldu du. Bigarren eskuko auto denda batetik sei auto harrapatu ostean jazo zen tiroketa. Fernandezek ez beste guztiek ihes egitea lortu zuten.

Poliziak dio ustezko bost etakide asteartean bertan Dammarie les Lys inguruko merkataritza gune batean erosketak egiten ari ziren unea bideoan grabatuta dagoela, eta irudiok gaur jarri ditu sarean (I eta II).

Fernandez Levallois Perreteko polizia etxean daukate, inkomunikatuta. Gehienez, bihar arratsaldera arte izan dezakete egoera horretan; orduan eramango lukete epailearen aurrera.

ETA balitz asteazkeneko erasoaren egilea, hark hil duen lehendabiziko Frantziako polizia da. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du hiltzailearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.